Mikel Irujo, eurodiputatua eta EAko bozeramailea Ama hizkuntzaren nazioarteko egunak eleaniztasuna eta multikulturalismoa bultzatzea du xede, izan ere, ondare kulturala gorde eta garatzeko tresna egokienak dira hizkuntzak.

Ama hizkuntzaren nazioarteko egunak eleaniztasuna eta multikulturalismoa bultzatzea du xede, izan ere, ondare kulturala gorde eta garatzeko tresna egokienak dira hizkuntzak.

Eusko Alkartasunaren ustez, egun garrantzitsua da hau, nolabait mundu osora zabaltzen baita hizkuntza txikiek ere badutela euren kultura, euren pisu historikoa eta euren geroa izateko eskubidea. “Hizkuntza ofizialek ez dute egun honetan zer ospatu, guk ordea, oraindik asko dugu aldarrikatzeko.”

Egungo gizarteak eragin du Ama hizkuntzen eguna behar izatea. Izan ere, mugak desagertzen doazen heinean, hizkuntza handiak zabaltzen doaz ere, txikien kalterako. Eta guk ez dugu kultura edo hizkuntza inposaketarik nahi, mendez mende eta ahoz aho igaro dugun euskarak bere horretan jarraitzea baizik. Hizkuntza ez ofizialak galtzeko arriskuak eragin du egun hau izendatzera, eta ez dugu ulertzen nolatan oraindik PSOE, PP edo UPN bezalako partiduek ez duten hizkuntzen aurreko errespeturik. Zer gaitz egiten die gaztelaniarrarekin batera euskara maila berdinean jartzea?

ARRISKUAN DAUDEN HIZKUNTZEN ATLASEAN, EUSKARA AHUL

Eusko Alkartasunako europarlamentari Mikel Irujo zuhur agertu da UNESCOk plazaratu duen arriskuan dauden hizkuntzen munduko atlasak euskarari buruzkoak azaldu dituen datuekin. Atlasaren arabera hizkuntza ahulen multzoan jarri dute euskara, arrisku gutxien dutenen artean alegia. Irujo EAko komunikazio arduradunak dio “EAEn orain arnasa hartu dezakegu, baina Nafarroan beste kontu bat da, eta zer esanik ez Iparralden. Azken bi eremu hauetan gure hizkuntzaren alde gogor egiten jarraitzen ez badugu, beste bat izango da hurrengo atlasaren emaitza, eta hori dena, Patxi Lopez bezalakoen “eusquera voluntario”aren erruz izango da.

Eta EAEn bai, euskarak babes handia lortu du, eta orain ez gara bere biziraupenaren beldur. Orain, gure erronka euskararen bizitza eta heldutasuna da; hau da, hizkuntza bizia izatea, gizarteko alor guztietara zabalduko dena, eta eguneroko bizitza egiteko balioko diguna”.

PDF: Ikusi PDFa
Jatorria: EA