JUANJO AGIRREZABALA EAko legebiltzarkidearen esanetan, “Euskadi Literatur Sariak ez du merezi Kultura Sailaren arduragabekeriak piztutakoa bezalako polemikarik, literatura eta politika nahastu baititu Estatuko ultrak pozteagatik”.

Eusko Jaurlaritzak Euskadi Literatur Sariari atxikita dauden 18.000 euroak ordainduko dizkio azkenean Joseba Sarrionandiari, gaur bertan -Juanjo Agirrezabalak eskatutako agerraldian- Blanca Urgell Kultura sailburuak Legebiltzarrean berretsi duenez. EAko legebiltzarkideak poza azaldu eta Jaurlaritzaren zuzenketak haren jokaera salatu zuten guztiei arrazoia ematen diela nabarmendu du.

Agirrezabalaren esanetan, “Jaurlaritzak atzera egin behar izan du, eta horrek arrazoia eman digu Joseba Sarrionandiari eman beharreko saria hasieratik defendatu genuenoi, Iurretako idazleak saria jasotzeko eskubide osoa zeukala aldarrikatu genuenoi”. Halaber, erantsi du EAko ordezkariak, “agerian utzi du Kulturak arduragabekeriaz eta arinkeriaz jokatu zuela; beharrezkoa zen zuhurtziaz jokatu izan balu, Euskadi Sariaren irudia kaltetu duen gatazka hau saihestuko zukeen”.

EAko legebiltzarkideak adierazi duenez, “Euskadi Literatur Sariak ez du merezi Kultura Sailaren arduragabekeriak piztutakoa bezalako polemikarik, literatura eta politika nahastu baititu Estatuko ultrak pozteagatik, literatura sariak eman ala ez norberaren ideologiaren arabera erabaki nahi dutenei pozteagatik, alegia, gaur bertan PPko Carlos Urquijok planteatu duen bezala”. “Eskema horrek -esan du Agirrezabalak- sekulako sektarismoa eta defizit demokratiko ikaragarria agerian uzten ditu, baina okerrena izan da Kultura Saila joko horretan sartu dela”.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA