Eusko Alkartasunaren dokumentua Aberri Egunak, euskal abertzaleok gure nazioaren aintzatespena egiteko aukeratu dugun egunak, gure herriaren egoera politikoari eta sozialari buruzko gogoeta egiteko aparteko aukera ere ematen digu. Eusko Alkartasunak aldarrikatzen duen bezala, Nazio libre bat lortzeko azken helburu eta xedeak aldarrikatzeko aukera berezia dugu Aberri Egunean.

Gizarte Justizian oinarritutako Nazio bat, pertsonen arteko benetako berdintasuna bermatzen duena, bizitza duina edukitzeko baliabideak bermatzen dituena. Gure herriak bakean jarduteko eta garatzeko duen eskubidea ukaezina eta baztertezina dela aldarrikatuko dugu. Bizitza politiko normalizatua edukitzeko eskubidea dugu eta Eusko Alkartasunak askotan adierazi duenez, ezinezkoa da herri bat eraikitzea bakerik eta gizarte-justiziarik gabe.

Benetako demokrazia batean, proiektu guztiak defendatzeko aukera eman behar da, baina baita hauek mehatxurik gabe, indarkeriarik gabe, erabateko askatasunean eta begirunean egiteko aukera ere.

Hori esan ondoren, guztiok dakigu Euskal Herriko egoera politikoa oso zaila dela. Etengabekoa da euskal gizartearen babesgabetasuna oinarrizko eskubideen aurkako erasoen aurrean. Eta horregatik, ezin dugu esan benetako demokraziarik badenik.

Horrela, alde batetik ETAk samina eta sufrimendua zabaltzen jarraitzen du, euskal gizartearen eskaerei entzungor eginez, nahiz eta hura defendatzen ari dela esan, mespretxatu besterik egiten ez duen arren. Euskal herritarrek bakea eta normalkuntza politikoa eskatzen dute. Gaur, lehen bezalaxe, indarkeria, giza ikuspegitik aberrazio hutsa izateaz gain, aparteko aitzakia da gure herriaren etsai politikoentzat, terrorismoaren aurkako borroka aitzakiatzat hartuta ez baitute legalitatea bortxatzeko zalantzarik. Legalitatearen egile, betearazle eta epaile bihurtu dira, estatu demokratikoek eduki behar duten botere-banaketa desitxuratuz eta oinarrizko eskubideak argi eta garbi murrizten dituzten ekimenak abian jarriz.

Horren adibide ditugu “Alderdien Legea”, “Egunkaria”ren itxiera, tortura-salaketak, Madrilgo Gobernuak ikertu nahi ez dituenak, Nafarroako hainbat ingurutan euskara ezabatzea, zigor-legeak sortzeko eta baliatzeko lege-ahaleginen indarberritzea, disuasio eta prebentzio neurriak sustatu beharrean, elkartzeko eta adierazteko eskubidea, integritaterako eskubidea eta gizarteratzeko eskubidea bezalako zutabeak txikitu nahi izatea… eta sistema demokratiko bateko beste hainbat eta hainbat oinarrizko eskubide urratzea.

Ikuspegi politiko batetik, bi estrategiak ezin hobeto nahasten eta uztartzen dira, elementu maltzur bat sartuz: ekintza eta erantzuna lotzen dituen sorgin-gurpila.

Eusko Alkartasunak eskubideak urratzen dituzten indarkeriazko estrategia hauetatik irteteko apustua egin du. Horregatik, EAn elkarrizketa eta argudio demokratikoa bultzatzeko ari gara lanean, gure ideologiaz bestelako iritzi eta proiektu legitimoak konparatzeko. Inoiz baino premiazkoagoa eta beharrezkoagoa dugu zurrunbilo amaigabe honetan alternatibak eskaintzea, gero eta bistakoagoa baita muturretako politikak elkarren mesederako ari direla lanean.

Gauzak horrela, ez dago zalantzarik Eusko Jaurlaritzaren elkarbizitzarako Proposamenak egungo egoera gainditzeko aukera ematen digula. Plan honek, giza eskubide guztien errespetuan oinarrituz, proiektu, ideia eta planteamendu politikoen ezberdintasuna gure gizartearen elementu aberasgarri bezala onartzen ditu.

Bistakoa da Eusko Alkartasunak Plan hori baino haratago doan herri-proiektu bat defendatzen duela, baina Euskal Herriaren aniztasuna eta konplexutasuna onartuz egiten dugu hori, eta erantzukizunez jokatuz, proposamen errealista eta demokratikoetatik gure helburuetarantz aurrera egiteko aukera emango diguten bideetatik joateko apustua eginez. Horregatik, mailaka eta ahal den neurrian Euskal Herriaren independentziaren alde joateko egiten dugun apustua Eusko Jaurlaritzaren Planean Eusko Alkartasunak egin duen ekarpena izan da. Euskal Herriak konponbidea merezi duelako. Dauzkan nazio-eskubideak errespetatzea merezi du eta bere borondatearen eta autodeterminazioaren eskubideaz baliatuz, gizarteak zer izan nahi duen eta nola egin nahi duen esan dezan.

Aberri egunak, halaber, Gizarte Justiziaren aldeko errebindikazio argia egin behar du. Gurea bezalako alderdi batek, elkartasuna balio propio bezala duelarik, ezarri nahi diguten herrien eta pertsonen arteko ezberdintasunak eta sasi-liberazioak salatu behar ditu. Eusko Alkartasunak gizartearen interesetatik eta nahietatik hurbil egon behar du. Guztiontzako enplegua eta etxebizitza duinak, aukera-berdintasuna, gazteen ahotsa, adinekoentzako arretak… laburbilduz, berdintasunak eta elkartasunak izan behar dute gure ekintza politikoaren ardatzak. Asko hitz egiten da globalizazioaz, baina gutxi gizartearen globalizazioaz.

Aberri bat dugu eta berriz ere aldarrikatuko dugu datorren igandean Gernikan gure Herriak baduela lekua Europan eta mundu osoan. Europan eta Mundu osoan ordezkaritza behar duen Herria. Herri independentea. Herri solidarioa. Pertsona guztien eta pertsona guztientzako Herria.

Jatorria: Eusko Alkartasuna