Onintza Lasa

Gaurkoan, euskararen, hizkuntza zaharren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Egunerokotasun osoa duen aintzinako hizkuntza.

UNESCOren datuen arabera, urte gutxiren buruan eta maila ezberdinean bada ere, munduko 6.000 hizkuntzetatik 3.000 galtzear daude. Hamaika arrazoiren ondorio den galera kulturala.

Euskararen kasuan ere ezin esan oparotasun eta biziraupeneko berme guztia duenik. Ezaguera mailan aurrerapauso nabariak eman dira azken urteotan, Hizkuntza Normalizaziorako Legea dela, ikastolen lana dela, kulturgintzako lana dela, eta, oro har, maila ezberdinetako administrazioetatik bultzatu lana dela medio batetik, eta bestetik, eta batez ere, gizarteak izan duen erantzun eta parte hartzeagatik.

Hala ere, eta azken urteotan, bestelakoa da argazkia normalizazio eta erabilerari dagokionean. Ezaguera maila eta erabiltze tasak ez datozela bat, alegia.

Gaur, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugun honetan, gogoeta egin dezagun norberaren paperaren garrantziaz, geure jardueraren balioaz, aberastasun iturri dugun hizkuntza hau aurrera atera nahi badugu.

Hizkuntza guztiek, mundu ikuspegi bat gordetzen dute, sentimenduak… eta guztien artean osatzen da mundu aberats eta konplexu honen errealitatea.

Jatorria: Onintza Lasa