Joseba Azkarraga Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak 1936 eta 1942 artean desagertutako milaka pertsonari buruzko ikerketa bukatzean, egon ziren hilketak egiaztatu ostean, pauso bat gehiago emateko eskatu du Joseba Azkarragak, EAren Idazkari Nagusia eta Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuak. Ikerketak krimen horien egileen erantzukizuna zehaztera heldu behar duela gaineratu du, egileak zigortzeko aukera izan edo ez. «Mendeku gogorik gabe».

 

Baltasar
Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak 1936 eta 1942 artean
desagertutako milaka pertsonari buruzko ikerketa bukatzean, egon ziren hilketak
egiaztatu ostean, pauso bat gehiago emateko eskatu du Joseba Azkarragak, EAren Idazkari
Nagusia eta Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako
sailburuak. Ikerketak krimen horien egileen erantzukizuna zehaztera heldu behar
duela gaineratu du, egileak zigortzeko aukera izan edo ez. «Mendeku
gogorik gabe».

 

Espainiako Gerran gertatutako hilketak «garbiketa
ideologikotzat» jo ditu Azkarragak, hainbatetan mendeku pertsonalak tartean
zirela gogoraraziz. 1936 eta 1942 artean gertatutako atxiloketa eta hilketak
«orduan ere» zigorgarriak zirela azaldu du Azkarragak. Egoera hori azaleratu
behar dela dio, eta, «hildakoen oroimenak merezi duen errespetuagatik»,
hilketen egileetara heldu beharko litzatekeela. «Gutxienez gizartearen
gaitzespen morala suma dezaten». Ikerketa horrek lagunduko luke etorkizuneko
belaunaldiei elkarbizitzarako oinarri batzuk uzten, sailburuaren iritziz.

 

Garzonen eskariaren zain

 

1936 eta 1942 bitartean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hil
zituzten 8.650 pertsonaren dokumentazioa prest du Eusko Jaurlaritzak, Azkarragak
jakinarazi duenaren arabera. 2003. urtean Aranzadi Zientzia Elkartearekin
lankidetza hitzarmena sinatu zutenetik bildutako datuak dira, eta, funtsean,
Garzonek bere ikerketa egiteko eskatzen dituenak. 8.650 pertsona biltzen dituen
zerrendak hildakoaren izena, abizena, bizi zen herria, heriotzaren lekua, eta
data biltzen ditu, eta baita nola hil zuten ere.

 

Zerrenda prest dagoela adierazi du Azkarragak, eta Baltasar
Garzon epailearen eskaria jasotzen dutenean bidaliko dutela. Gainera,
zerrendaren berri emateko gutuna bidali dio Jaurlaritzak epaileari. Gutunari
sindikatu batek 1939. urtean egindako hildakoen zerrenda gehitu diote, 1936.
urtetik 1939. urtera arteko hildakoak. Garai horretan ere gerran hildakoen
nortasuna eta kokapena jakiteko interesa zegoela erakutsi nahi dutela azaldu du
Azkarragak. Interes hori gaur egun ere mantentzen dela azpimarratu du. Hala,
Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak 530 eskaera jaso ditu
Aranzadi Zientzia Elkartearen bitartez. Horietatik 490 erantzun direla argitu
du Azkarragak.

 

Esparru berriak ikertu

 

Sailburuaren ustez memoria historikoa dela-eta «salatu
beharreko gaiak gehiago dira». Baltasar Garzoni bidaliko dioten informazioak ez
du bestelako esku hartzerik galarazten, Azkarragaren iritziz.

 

Baltasar Garzon epailearen 1936 eta 1942 arteko hildakoen
inguruan ikerketak, «beste esparru batzuetara» heldu beharko duela deritzo,
bere aldetik, Francisco Etxeberria auzitegi mediku eta Aranzadiko kideak. Hala,
noizbait Francoren diktaduraren garaia kontuan hartu beharko dela uste du,
horretarako denbora beharko den arren. Etxeberriak azaldu bezala, oraindik ere
36ko Gerraren inguruko gertaerak alboratzen saiatzen dira hainbat.

 

Espainiako Gobernuak onartutako Memoria Historikoaren Legeak
hainbat alorretan dituen «hutsuneak» kritikatu ditu Azkarragak, eta Garzonek
hasitako ikerketa hutsune horietako batzuk betetzeko baliogarria izatea espero
duela uste du. Memoria historikoa berreskuratzeko «edonola» ezin dela jokatu
esan du, Espainiako Gobernuak horretan duen ardura nabarmenduz.

Lotura: Albistea Berria egunkarian
Jatorria: EP/Jon Rejado/Berria