Unai Ziarreta, EAko presidentea EAko lehendakaria haserre azaldu da Eusko Legebiltzarrak Espainiako bandera jartzeko agindua bete egingo duelako. “Atutxa auziko zigorrek lortu dute helburua. Badirudi Legebiltzarraren subiranotasuna defenditzeko garaia pasatu dela”, dio Ziarretak.

Haserre agertu da Unai Ziarreta EAko lehendakaria, atzo Izaskun Bilbao (EAJ) Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Joseba Egibar jeltzalearen eskariari muzin eginez, legebiltzar kanpoan Espainiako bandera jartzeko erabakia berretsi zuelako. “Zoritxarrez, ikusten da Ibarretxek ez duela markatzen EAJko ildoa, Urkulluk, Jose Luis Bilbaok eta Azkunak baizik”, esan du gaur Ziarretak Euskadi Irratian. EAJko EBBko presidentea da Iñigo Urkullu, Bizkaiko ahaldun nagusia Jose Luis Bilbao eta Bilboko alkatea Iñaki Azkuna.

Izaskun Bilbao bera 2009ko EAEko hauteskundeetan EAJtik Bizkaiko zerrendaburua izango dela ere nabarmendu du Ziarretak bere blogean. “Hari esker onartu da Espainiako bandera jartzea”.

Espainiako Auzitegi Gorenak eman zuen duela egun batzuk Eusko Legebiltzarraren kanpoaldean Espainiako bandera modu egonkorrean eta “nabarmenean” ipintzeko agindua. Lehengo ostegunean Eusko Legebiltzarreko Bozemaileen Batzordeak, EAren eskariz, eta Egibarren botoarekin, Mahaiari eskatu zion Auzitegi Gorenaren ebazpena ez betetzeko. Izaskun Bilbaok, baina, esan du ebazpen irmoa dagoela banderen auzian, eta hori errespetatu egin behar dela.

EAk “tamalgarri” iritzi zion atzo erabakiari, ganbera Espainiako auzitegien “menpe” jarri delako.
Gertatu dena “argigarria” dela deritzo Ziarretak. “Atutxa auziko zigorrek lortu dute helburua, eta EAJk ikasi du ikasgaia. Badirudi Legebiltzarraren subiranotasuna defenditzeko garaia pasatu dela”.

Hurrengo urteko martxoan izango dira EAEko hauteskundeak, hala iragarria baitu Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta EA oraingoan bakarrik aurkeztuko da, ez EAJrekin koalizioan.

Lotura: Albistea Berria egunkarian
Jatorria: EP/Berria