Herritarrok zaintza sistema duin bat lortzeko ditugun arazoak ikusita, Alkartasuna eta Coppieters fundazioek erronka sozial hori aztertuko dute aditu europarrekin, prisma feminista batetik

 

Zaintza behar duten beste pertsona batzuez arduratzeak, zuzenean edo zeharka eragiten digu biztanleriaren zati handi bati. Gainera, lehenago edo beranduago, ia herritar guztiok beharko dugun zerbitzua da. Hala ere, pribatizazioa eta prekarietatea zainketen kalitatea arriskuan jartzen duen mehatxu bikoitza da. Beraz, gaur egun, zaintza sistema publikoa eraikitzen, edo suntsitzen ari gara?

Alkartasuna eta Coppieters fundazioetatik urtarrilaren 24an, larunbata, Bilboko EHUko Bizkaia Aretoko Baroja auditorioan antolatutako Zaintzen Zain- Who Cares jardunaldiak funtsezko galdera horri erantzuten saiatuko gara. Horretarako, doako jarduera bat programatu dugu, aldibereko itzulpenarekin, eta gaian interesa duen edonorentzat irekia. Europako adituak eta Euskal Herriko eragile sozial eta laboralak, beren ikuspuntuak justizia sozialeko politiketatik jorratuko dituzte, pertsonak zainketen erdigunean jarriz, eta beti ere ikuspegi feminista batetik.

Zaintzen Zain-Who Caresen programa 10:00etatik 13:30era garatuko da, eta honako hauek parte hartuko dute: Kathleen Lynch doktorea, Irlandako Gobernuko Giza Eskubideetarako eta Berdintasunerako komisarioa; Nena Georgantzi, Galwayko (Irlanda) Unibertsitateko doktorea; Tine Rostgaard, Danimarkako Roskilde Unibertsitateko Gizarte eta Enpresa Zientzien Saileko irakaslea, eta Dana-Carmen Bachman, Europako Batzordeko Eskubide Sozialen eta Inklusioaren Unitateko burua. Halaber, Euskal Herritik, Ane Izagirre soziologia eta gizarte langintzako ikertzailea, eta Parte Hartuz ikerketa taldeko kidea izango da bertan, Denon Bizitzak Erdigunean plataformako, Maitelan herritarren kooperatibako, Arrasateko Udaleko eta ZainSareko ordezkariekin batera.

 KARTELA_ZAINTZEN ZAIN (2025)_EU-ES 5 DEF_page-0001