EEZEaren Biltzarraren ondoko hausnarketa: Etorkizunean aurreratzearen alde
Oraintsu
Emakume Enpresaburu eta Zuzendarien Nazioarteko Lehen Biltzarra izan dugu Bilbon.
Biltzarra Bizkaiko Emakume Enpresaburu eta Zuzendarien Elkartearen lan
eskergaren emaitza izan da eta -nire ustez- arrakasta handia lortu du alderdi
guztietan. Izan ere Europako bazter guztietako emakume enpresaburu eta zuzendari
asko eta asko bildu dira bertara, are Txinako ordezkari batzuk ere. Hasiz gero
luze joko liguke denen aipamena egiteak. Nolanahi ere, argi adierazi nahi nuke
Biltzarrean izan den kide bakoitzak badituela bere helburuak, denek ere ondo
erakutsi duten bezala. Biltzarraren sarrera-hitzaldian esan nuenaren ildo
beretik orain Bizkaiko Ekonomi Sustapen Sailekook geure buruari ezarritako
helburuetako batzuen berri eman nahi nuke.

Lehenbizi, uste dut Biltzarrak gizarte osoaren arreta erakarri duela, gizonena
zein emakumeena: emakumeak lanean hasiak dira, eta hasi ere langile soil gisa ez
ezik baita zuzendari eta enpresa-sortzaile gisa ere.

Bigarrenik, Biltzarrak beste emakume batzuei ere bihotz eman die enpresa berriei
ekiteko. Iaz Bizkaiko Ekonomi Sustapen Sailak enpresa berriak sortzeko
proiektuekin etorri zitzaizkigun 235 pertsonari lagundu zien, eta haien %21
emakumeak izan ziren. Gure esperientziaren arabera emakumeek abiarazitako
enpresak gizonek abiarazitakoak bezain arrakastatsuak izan dira. Horregatik,
ideia berriak eduki arren enpresari ekiteko beldur diren emakumeei berriz ere
esan nahi diet adorea eduki behar dutela, euskal erakunde publiko guztien
laguntza izango baitute, Bizkaiko Foru Aldundia tartean dela.
Hirugarrenik,
Biltzarrak Emakume Enpresaburu eta Zuzendarien Elkartea indartu du. EEZE era
askotara defini daiteke baina ororen gainetik esan behar da esperientzia-bankua
dela enpresen munduan ausartu nahi diren emakume askorentzat, hots, eurentzat ez
ezik besterentzat ere lanpostuak sortu eta gizarte osoarentzat etekinak lortu
nahi dituzten emakumeentzat.

XX. mendean gauza asko aldatu dira, bai enpresaren munduan, bai gizarte osoan.
Aldaketa handienetako bat emakumeak apurka-apurka enpresetan sartzea izan da,
dela soldatapean, dela zuzendari edo enpresaburu gisa, alegia, emakumeak
luzaroan gizonena soilik (kualifikazio baxueneko zereginetan izan ezik) izan den
eremua eurenganatzea. Ildo horretatik ohar bat egin behar dut soldatapean ari
diren emakumeez: oraindik ere emakumeen langabezia-tasa gizonena baino askoz
handiagoa bada ere (emakumeena %21,7 eta gizonena %9,9), gure artean azken
urtean BJA inkestaren arabera emakumeen langabezia-tasa %18 jaitsi da eta
gizonena %9,4.

Dena dela, gai hau ez da kopuru hutsetara murriztu behar. Kontua ez da gizonen
eta emakumeen arteko kopuru-erlazioa besterik gabe eta bere horretan enpresetan,
kultur arloan, kirolean eta gainerako eremu guztietan aplikatzea. Nire ustez
eztabaidaren jomuga beste bat izan behar da.

Gizarteak argitu behar du nor den gauza zertarako, nor den gai eta nor dagoen
gertu postu edo eginkizun bakoitzean aritzeko, pertsonaren sexua eta nortasun-ezaugarriak
kontuan hartu gabe. Hortxe dago koxka: denok gara nor eta denok izan behar dugu
aukera geure trebeziak erakusteko eta geure ametsak erdiesteko.

Hauxe da gure gizarteak XXI. mendean izango duen erronka: kide guztiek aukera
eurak eskaintzen dizkien sistema sortzea.

Industria Iraultzaren lehen aldian enpresak indar eragile soiltzat hartu zuen
gizakia. Gero, pixkanaka, gizakiok bihotza ere bagenuela ohartu zen. Gaur egun
argi baino argiago dago horrez gainera adimena ere badugula.

Biltzar honetan esan da XXI. mendea emakumearen mendea dela. Eta esan da,
gainera, ezagutzaren mendea ere izango dela, eta ondorioz pertsonena.

Hain zuzen ere, azken eguneko eztabaidaren gaia «Bizitza pertsonala eta lan-bizitza
uztartzea» izan zen. Hori lortzea erronka handia da guztiontzat, ez
emakumeentzat bakarrik, baizik eta gizarte osoarentzat. Gizarteak familia eta
haurrak ondasuntzat dituen artean denon, gizon eta emakume, eginbeharra da
bikoteetako bi kideek euren famili bizitza eta lan-jarduna bateratzeko
mekanismoak aurkitzea. Izan ere, duela bi urte Bizkaiko emakume enpresaburuen
egoeraz egin genuen azterlanean azaldu ziren emakumeek adierazi zuten gizarteak
ez zuela amatasunarekiko emakumeek lanarekiko duten atxikimendu bera, hots,
sarritan emakumeek lana bertan behera utzi behar izaten dutela ama izateko.

Ez dakit hasi berria dugun mendea emakumearen mendea izango den; niri
dagokidanez aski nuke baldin eta gizonok eta emakumeak gauza izango bagina
gizarte zuzenago, aurrerakoiago eta solidarioagoa antolatzeko, pertsonak
pertsona direnez soilik baloratzen dituen eta bikoteei lanean eta familian
oztoporik gabe jardutea ahalbideratzen dien gizartea.

Zeren, aurrerapena esaten diogun horrek gizarte barruko desberdintasunak
murrizten laguntzen ez badigu, inoiz ere ezin izango baitugu esan gizarte
zuzenago eta solidarioagoa eraikitzen ari garenik. Horrixe ekin behar diogu eta
horrexetan eman behar ditugu geure ahalegin artatsuenak. Eta zinez diotsuet uste
dudala Bilbon egin den Emakume Enpresaburu eta Zuzendarien Nazioarteko Lehen
Biltzarra urrats ona izan dela helburu hori lortzeko

Jatorria: Eusko Alkartasuna