“Eusko Alkartasunak epaian agindutakoa bete du”, dio autoak, bide arruntetik helegiterik jartzeko aukerarik ez dagoela adieraziz

 

Arabako Probintzia Auzitegiko 1. sekzioak auto bat igorri du Maiorga Ramirezen alegazioa ezesteko (Gasteizko lehen instantziako 7. epaitegiaren aurreko autoari, non primarioen eskaera artxibatzen zen) eta, beraz, arrazoia eman dio Eusko Alkartasunari. Alderdiak ez du hauteskunde primarioetarako deialdirik egin beharko, bide arruntetik ezin baita inolako errekurtsorik aurkeztu. Beraz, Eba Blanco de Angulo idazkari nagusia buru duen Eusko Alkartasunako zuzendaritzak, barne demokrazia eta legea betez jardun du.

 

Probintzia-auzitegiko hiru epailek emandako autoaren oinarri juridikoak ahobatezkoak eta erabat irmoak dira, argitzen baitute 2022ko otsaileko eta azaroko ohiko eta ezohiko kongresuetan –horiek ere berme demokratiko guztiekin egin ziren, epai irmo banatan jasotzen den bezala, non ez dagoen primariorik– alderdiaren estatutuak onartuz, nazio zuzendaritzak zorrotz bete duela legezkotasuna. Auzitegiak gaineratzen du: “ezin dugu bat egin apelatzaileak erabiltzen dituen argudioekin, ez epaian agindutakoa ez betetzeari, ez eta ustez eragin omen zaizkion kalteak ordaintzeko eskatzen duen ordezko kalte-ordainari dagokionez ere, kalte horiek ere ez ditugu inondik inora ikusten”. Eta ondorio hau ateratzen du: “epaian xedatutakoa bete da, eta, beraz, bete-betean bete da betearazlearen eskaera”.

 

Eba Blanco de Angulo idazkari nagusiak prentsaurrekoan eman du autoaren balorazioa egiteko. “Sei urte baino gehiago daramatzagu Maiorga Ramirezen sektorearen salaketa zibil eta penalei, erasoei, jazarpenari eta irain publiko eta pribatuei aurre egiten. Delitu oso larriak leporatu dizkigute eta behin eta berriz, epaitegiek arrazoia eman digute. Azken auto honekin, justiziak behin betiko berresten du urte hauetan guztietan, beti bete dugula alderdiaren barne demokrazia eta legea”. Agintariak ardurak haratago zabaldu ditu. “Denbora honetan, hedabide batzuek, Eusko Alkartasuna eta EH Bildu higatzeko asmoz, Ramirezen sektorearen alde egin dute, kazetaritzaren arau deontologikorik funtsezkoena bete gabe, hau da, gertakarien beste bertsioa eskatu gabe”.

Blancoren ustez, auzia ez zen inoiz epaitegietara eraman behar. “Afiliatu guztien eskubideak bermatzen dituzten barne organoak ditugu, baina botoa emanez irabazi ezin izan duena epaitegietan irabazten saiatu da Ramirez denbora tarte oso honetan”. Azaldu duenez, “Eusko Alkartasunari eta bere oinarri soziala osatzen dugun pertsona askori eragin dioten kaltea eta paralisia izugarria eta zenbatezina da. Sei urte baino gehiago eman ditugu energia eta baliabideak alderdia eta afiliatu guztien eskubideak defendatzeko. Ramirezen sektorea inoiz hasi behar ez zuen auzi judizialetan denbora galarazteaz arduratu da, horrela alderdiari ekintza politikoan aritzea galaraziz”. Eta jarraian galdetu du: “Epaitegiek gauza guztietan arrazoia eman digutenez, Maiorga Ramirezen sektoreko norbaitek barkamena eskatuko du? Ramirezen alde egin zuten hedabideek, hanka sartu zutela aitortuko dute?”.

 

Gainera, idazkari nagusiak iragarri du ez duela karguan jarraituko aurten egin behar den ohiko kongresutik aurrera. “Pozik noa jakitearekin akatsak egin ditugun arren, funtsean, gauzak ondo egin ditugula, eta alderdia zama askotatik libre uzten dugula, baita alde judizialetatik ere. Eusko Alkartasuna momentu gozoan dago eta pozten naiz etorkizuneko zuzendaritzak horretaz baliatu ahal izateaz gure altxorrik handienari, gure afiliazio eta printzipioei, etekin handiena ateratzeko”. Ondorengotzari dagokionez, “zuzentzen dudan nazio zuzendaritzaren azken erantzukizuna oinordetza lasaia erraztea dela, Eusko Alkartasunaren balore politiko eta humanoen garapena bermatuko duena. Izan ere, Alkartasuna elkartasuna da, eta balio horiekiko guztiekiko leialtasuna ere izan behar du”. itxi du Blancok.

1