EH Bilduren proposamenari jarraituz, Legebiltzarrak kontratuen erreserbari buruzko ebazpena bete dezala eskatu dio aho batez Jaurlaritzari. Arri Zulaika EAkideak azaldu duenez, legez Administrazioak kontratazio publikoetan lanpostuen portzentaje bat gorde behar du dibertsitate funtzionala duten eta gizarte-bazterketan erortzeko arriskuan dauden pertsonentzat, baina praktikan ez da horrela gertatzen. Horren ildotik, EH Bilduko legebiltzarkideak 2015eko aurrekontuetan legezko agindu hori betetzeko erabiliko duen diru-kopurua zehazteko eskatu dio Jaurlaritzari.

Gizarte-bazterketan dauden edota dibertsitate funtzionala duten herritarren artean langabezia tasa askoz altuagoa dela ohartarazi du eta egoera horri aurre egiteko orduan Administrazioak protagonista izan behar duela nabarmendu du. “Kontuan hartuta pertsona horiek lana topatzeko zailtasun handiak dituztela, Jaurlaritzak indar guztiak jarri behar ditu langile horiek enplegu duina izango dutela bermatzeko”, Zulaikaren esanetan.