Matxitxakoko omenaldiaren ondoren, Pello Otxandiano Kanpo, Idurre Bideguren Gabantxo, eta Edriga Aranburu Agirrerekin solasaldia izango da Bermeon
Itsas Gudari Eguna, hots, Gerra Zibilean Euskadiko Gudontzidiko gudariak omentzeko ekitaldia, martxoaren 1ean, igandean, antolatu dugu Bermeon Alkartasuna fundazioarekin batera.
Hitzorduak bi ekitaldi izango ditu aurten ere. Lehena, Nestor Basterretxearen Matxitxakoko Guda eskulturan Naiara Fernandez Madariaga, Eusko Legebiltzarkideak aurkeztuta. Eba Blanco de Angulo, idazkari nagusiak, eta Imanol Urrutia Barriketak ikurrina altxatuko dute, eta lore-eskaintza egingo diete lurmuturreko uretan frankismoaren armadaren aurrean Euskadi defendatu zuten gizon ausartei. “Badira hogeita bost urte Alemaniak Gernikako bonbardaketan bere erantzukizun historikoa bere gain hartu zuela. Noiz aitortuko ditu Espainiak frankismoak Euskal Herrian eragindako kalte izugarriak? Ia berrogeita hamar urte daramatzagu halakorik gertatu gabe, baina guk, urtez urte, kolpismo faxistaren aurrean gure herria defendatzeagatik bizia eman zuten gudariak omentzen jarraitzen dugu”, adierazi du Blancok.
Matxitxakoko ekitaldia amaituta, Itsas Gudari Egunak Bermeoko Kafe Antzokian jarraituko du, eta bertan Meritxell Elgezabalek aurkeztuta, Pello Otxandiano Kanpo, EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea, Idurre Bideguren Gabantxo senataria, eta Edriga Aranburu Agirre, Bizkaiko batzarkidea, solasaldian arituko dira. Euskal Errepublika lortzeko helburuarekin, burujabetzan aurrera egitea ahalbidetuko duen estatus politiko berri baten beharraz hain zuzen ere. Eskubide historiko eta demokratikoetatik hasi, justizia sozialetik pasa, eta eredu ekonomiko, finantzario eta fiskaleraino. Euskal Herriaren erronkei aurre egitea ahalbidetuko duten beharrezko eraldaketak jorratuko dituzte ere.






