Eltziego 2001: Giza eta herri
eskubideen aldeko aldarria Igande honetan, hilak 23, Arabar Errioxako Eltziego
herrian, abertzale askok eta askok «Alkartasun Eguna» ospatuko dugu,
eta gure aldarrikapenen inguruan aritu eta festa egun bikaina pasatzeko parada
ezin hobea izango dugu.
Gizatalde gehienek egin ohi duten bezala, alderdi
politikoetan ere izaten da egun berezia norberaren ideiekin bat datozen kideekin
biltzeko. Lagunek elkar ikusi, guztiok batera eta batuta eta adiskidetasun giroan
eguna pasatu. Badu EAk ospatuko duen aurtengo egun horrek, ordea, berezitasun
bat. Aurtengoan, Eusko Alkartasunak bere hamabosgarren urtemuga beteko du, Gasteizen
1986ko irailaren 4an sortu zenetik.
Giza eskubideen betiereko errespetua alderdiko
zeinu gisa mantenduta eta abertzaletasuna, independentzia eta sozialdemokrazia
bere izatearen oinarri harturik, bere ibilbide politikoa hasi zuen EAk, Euskal
Herriaren alde lan eginez. Harro gaude, EAko alderdikideok, zeinu horiek hasieratik
honaino bere horretan jarraitzen dutelako eta hala jarraituko dutelako. Giza
errespetuen defentsan erradikal, eta, era berean, abertzale erradikal. Eta,
nola ez, demokratak beste edozeren gainetik.
Giza eskubideen defentsa, bizitzaren defentsa,
giza bortxakeriaren gaitzespen eta bazterketa beti izan da gure jokaeretako
bat. Gure izatearen berezko zerbait. Giza eskubideen defentsak ez du salbuespenik,
inolaz ere. Giza eskubideak jaiotzaz norberari dagozkion zerbait dira eta ez
dago horren urraketa justifika lezakeen ezer. Ez dago proiektu politikorik (ezta
izango ere) bortxakeriaren erabilera justifikatzen duenik.
Alde horretatik ETAk beti izan gaitu parez pare.
Gogor salatu ditugu bere ekintzak. Baita kale borrokak eragindako kalteen aurka
ere. Giza gogoetatik begiratuta, bortxakeriak ez dakar ezer onik, aitzitik,
sufrimendua eta samina besterik ez.
Ikuspegi politikotik begiratuta, berriz, eta
areago abertzale izanik, kalte izugarria egiten dio gure Herriari, aurrerapausorik
lortu beharrean atzerakada bat bultzatzen duelako. Lizarra-Garazi «garaian»
garbia izan zen herritarren erantzuna, indar politiko eta sozialen batuketak
sorrarazi zuen itxaropen itzela. Bide egoki eta zuzena hartuta zegoen. Honen
adierazgarritasunik nabarmenena, Aznarren Gobernuaren eta bere kideen ezinegona
litzateke. Are gehiago, giro hura, elkarlan hura suntsitu eta zatikatzen ahalegin
osoa egin zuten. Demokrata hitzaren kontzeptua orain urte gutxi ikasi dutenek
(baldin eta dagoeneko ikasi badute), guda beti erosoago onartzen dute, sustraiko
eta benetako bakea baino. Eta azkenean, lortu zuten beren xedea, alegia, ETA
berriz «aktibatzea».
Ondorioa, gure ustez, argia izan zen. Alde batetik,
ETAk saminaren esparrua areagotzen jarraitu zuen, esatez, Euskal Herriaren izenean;
ekinez, Euskal Herriaren aurka zuzen-zuzenean joanez. Izan ere, bere herriaren
suntsipen eta ezinegona sorrarazten duenari dei ote dakioke abertzale? Aldi
berean, ETA estatu espainiar eta frantsesentzat elementu ezin hobea bilakatu
zen abertzale kutsu zuen ororen aurka joateko. Are gehiago, abertzaletasuna
eta gure herrian inongo zilegitasunik ez duen bortxakeria, etengabe diskurtso
interesatu batean nahasteko parada aparta bihurtu baitzitzaien PP eta motzetik
lotuta daukan PSOEri.
Lizarra Garaziren akordioaren hirugarren urteurrena
bete berria izanik, bertako printzipioen balioa aldarrikatzen dugu, gaur egun
ere, Eltziegoko Alkartasun Egun honen atarian. Bide bakarra horixe da.
Beste aldetik ere, bada hamaika pertsona, familia,
eta lagunarte beren giza eskubideak bortxaturik ikusten dituena; eta honen aurrean
gu ere irmo agertzen gara. Lehen esan bezala, gizakien defentsan ez baitago
salbuespenik egiterik. Iragan larunbatean, esaterako, dispertsioaren aurka azaldu
ginen, berriro ere, giza eskubideen aurka zuzen-zuzen doan heinean. Tortura
kasuak, tratu txarrak, presoen familiek jasan behar dituzten gehitutako zigorrak….
Hauek ere salatu egin behar ditugu, gure kemen guztiarekin.
Guk, Eusko Alkartasunak, urraketa guztiak gaitzesten
ditugu, eta, zentzu horretan, alderdi eta hiritar guztiak hain oinarrizkoa den
giza eskubidearen aurrean banatuta egoteari tamalgarri deritzogu.
Bada, bestalde, Herri bezala dagokigun beste
oinarrizko eskubide bat, funtsezkoa. Gure etorkizuna guk geuk hautatu eta erabakitzeko
ahalmena aitortzen diguna: autodeterminazio eskubidea, hain zuzen ere. Baina
bai Estatu espainiarrak, alde batetik eta baita Estatu frantziarrak ere ukatzen
digutena. Euskal abertzaletasuna deabruaren semerik gaiztoena bailitzan aurkezten
dute, eta berek, eguneroko jardunean, estatu zentralisten jarrera jakobinoenak
aplikatzen dituzte; Sakanako sokatira taldeko neskekin gertatutakoa, abar luze
baten azken adibide adierazgarria.
Honelako pasarteak, funtsean ezkutatzen denaren
isla baino ez dira. Errealitatea gordinagoa da, ordea. Herri bezala dagozkigun
eskubideak ukatzen zaizkigu sotilki.
Bi eskubideen arteko aukera egiteko tentazioa
agertzen da, eta gure ustez ez dago halakorik. Horregatik esaten dugu, gure
herriaren arazo larria bakegintza eta normalizazio politikoarena dela. Bizitza
errespetatuz, elkarrizketaren bidez, politika mailan dagoen arazoari irtenbidea
bilatzean datza gakoa, azken batean, hiritarren erabakia errespetatuz. Eusko
Alkartasunako gizon emakumeok independentistak gara, bai, baina ezer baino lehen,
demokratak, horregatik, galdeketaren emai- tzarekiko errespetu osoa agertzen
dugu.
Gizakiaren balioa letra handiz ulertzen dugulako
gizakien arteko berdintasuna ere aldarrikatzen dugu. Horregatik gara sozialdemokratak,
hitzez eta ekinez. Gure gizartea, berdintasun, solidaritate eta justizia soziala
bezalako kontzeptu eta baloreetan oinarriturik eraiki dadin. Bizimodu duin bat
arlo guztietan garatzeko aukera, hori ere, gure ustez, gizakiaren eskubide bat
baita.
Aldarrikapen asko dago egiteko eta dagokigun
erantzukizun politikoak honela aginduta, gure egunerokotasunean gauzatzen saiatzen
gara, hitz hutsaletan gera ez daitezen. Azken finean, eta eskubideak eskubide,
gizartea, guztion artean osatzen dugu.
Gure nahia, bakean bizi den Euskal errepublika
independente eta aske baten alde lan egitea. Horrelako ustea duenak badu lekurik
igande honetan Eltziegon.
Fuente: Eusko Alkartasuna