Martin Aranburu Carrera Gure Europa zahar honetan konpontzeke dagoen gatazka gogor eta ia ia konponezinetako bat fase berri batean murgiltzear dago. Yugoslavia ohiko Serbiar errepublikako Kosovo lurraldeaz ari naiz. 90eko gerrak gobernurik gabeko egoera kudeaezin batean utzi zuen Kosovo: Nazio Batuen Erakundeak kudeatua, biztanleen arteko gorrotoa nagusi zela, eta, haatik, elkarbizitzarako konponezinak diren bi postura politikoak nagusi zirela: independentismoa nagusi albaniarren artean, eta negoziatu ezineko Kosovoren «serbiatasuna» biztanle serbiarren artean. Horrelaxe «bukatu» zen Kosovoko gerra. Biztanleen arteko erasoak egunerokoak dira; jakin dudan azkena merkatuan eginiko serbiarren aurkako lehergailu baten bidez.

Bi komunitatez osatua dago Kosovo. Albaniarrak %90 dira, eta gainontzekoak serbiarrak. Azken horientzat, aldiz, beraien nortasun politiko, kultural eta erlijiosoaren jatorria da Kosovo, eta, ondorioz, negoziaezina da beraientzat Kosovorik gabeko Serbia bat. Sebiarrak soldaduek babestutako getoetan bizi dira. Langabezia %65. Argindarrik gabe oraindik ere herri askotan. Panorama horretara heldu zen NBEk bidalitako bake-egilea: Martti Ahtisaari finlandiarra.

Kosovoko gatazka aztertzeko garaian sakontasun gutxiko iritziak entzun izan ditugu askotan. Jakina, zaila da eskainiak zaizkigun elementuez gain bestelako arrazoiak edo argudioak bilatzea, eta bestelako datu horiekin iritzi bat osatzea. Zailtasun hori ulerturik, nire aburuz, prentsak emandako estereotipo eta errazkerietan jauzi gara bertako gatazka aztertzeko garaian. Izatez, esandakoaren arabera erraza da oso bertakoa aztertzea: giza talde bat, albaniarra, eskubide kolektibodun subjektua, zapaldua eta erreprimitua izaki, nazioarteko babesa behar duena beraien erabakitzeko eskubidea onartua eta errespetatua izan dadin. Esandakoa egia izanik, bestelako elementuak ere kontuan hartu beharko dira nire ustez, hain zuzen, finlandiar diplomatiko horren lana erabat zailtzen duten elementuak: serbiar komunitateak bere nortasun kolektiboa arriskuan ikusten du mendeetako inmigrazioaren ondorioz, zeinek lurralde horretako biztanleen albanizazio bortitza suposatu duen, eta azkenik konposaketa etnikoa eraldatu eta komunitate baten planteamendu politikoa nagusitu da. Era berean, bidezkoa al da Kosovoko biztanleek erabakitzea soilik beren etorkizuna objektiboa eta onartua denean beste kultura baten jaiolekua dela? Elementu hori kontuan hartuta topatu beharko da formula magikoa, hori egin ezean, betikotu egingo baita han dagoen gatazka lazgarri hura.
Fuente: Martin Aranburu