“Ibilbide eta iraganaren irakurketa ezberdinak ditugun alderdiak bizi gara EH Bilduren barruan baina guztiok gaude biolentziarik gabeko etorkizunarekin konprometituak”

Memoriaren Egunean bakegintza eta elkarbizitza eraikitzeko eman diren aurrerapausuak ikusi dira. Eusko Alkartasunak zentzu honetan Sortuk egindako ibilbidea azpimarratu du, eta Euskal Herriaren prozesutik baztertu den PPren borondate falta salatu du. Sortuk eman dituen pausoak errealitate berria onartu nahi ez dutenentzat balizko adibideak behar lukete izan, baina aski ez dela esaten jarraitzen dute.

Gaur goizean Hasier Arraizek eta Rebeka Uberak emandako prentsaurreak egindako bidea erakusten duela uste du Eusko Alkartasunak, “koalizioaren barruan ere alderdi guztiok ez baitugu autokritika maila berdina egin behar, baina denok Euskal Herriaren etorkizunarekin konprometitua gaude, biolentziarik gabeko etorkizunarekin”.

Sortuk hasi duen bidea, aste honetan bertan, krtikatua izan dela biolentziaren apustuaren aldekoa den sektore baten aldetik, gogoratu du EAk eta, bestalde, gehitu du oraindik badutela lana eta autokritika egin beharra bizikidetza lortzeko. Abiatutako bidearen eredu da orain, lehen ez bezala, Sortuko ordezkariak Eusko Legebiltzarreko Memoriaren Eguneko ekitaldietan parte hartuko dutela. Eusko Alkartasunak positiboki baloratzen du. “Ez dago gure posizionamendu historikoan ezbairik eta horregatik alderdi guztien presentzia kontuan hartzen dugu biktimei alkartasuna adierazterako orduan”, adierazi dute EAtik.

Alderdi abertzaleak biktimek ematen duten eredua azpimarratu du, batu egin direlako biolentziaren jatorria kontuan hartu gabe, sufrimendu bera eta aitortza eta erreparazioaren beharra onartuz. Eusko Alkartasuna Eraikiz bezalako mugimenduekin irudikatua sentizen da, “gure militanteen artean ETAren, Poliziaren eta Frankismoaren biktimak ditugulako, baita presoen senideak ere, besteak beste. Euskal Herriak pairatu dituen biolentzia mota guztiak jasan dituzten pertsonak dira, elkarrekin etorkizuna eraikitzen dutenak”.