Unai Ziarreta Eusko Alkartasunako presidenteak eskuduntzen transferentzia “kromo-trukea bailitzan” erabili izana egotzi die EAJri eta PSOEri eta, ildo honi jarraituz, aipatu bi alderdi hauek Madrilen sinaturiko aurrekontu-itunak “Gernikako Estatutuaren balioa gutxitzen” duela salatu du.

EAJk eta PSOEk Espainiako aurrekontuak onartzeko hitzarmena egin izanak ez du baldintzatuko EArekin koalizioa osatzea. Hala adierazi du Unai Ziarretak akordioaren nondik norakoak ezagutu ondoren. EAko presidenteak gogor kritikatu du EAJ, «Estatuaren jokoan buru-belarri sartzeagatik», baina argi utzi du sinatutako hitzarmenak ez duela eraginik izango hauteskunde autonomikoei begira. Hala ere, oraingoz alderdien arteko negoziazioak ez direla hasi ziurtatu du.

Aukera guztiak zabalik ikusten ditu, beraz, Ziarretak, «PSOErekin eta PPrekin izan ezik». Koalizioaren erronka, betiere, «urrats konkretuak» egitea izan behar da. EAko buruak argi utzi du hauteskundeetan «ordezkaritza sendoa» lortzea garrantzitsua dela, baina zalantzazkotzat jo ditu EAJk hautagaitza bateratua sortzeko izan ditzakeen arrazoiak: «Zertarako nahi dute koalizioa? Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Espainian sartzeko ala urrats konkretuak egiteko eskubide demokratikoen alde?».

EAko presidenteak aintzat hartu du Tasio Erkiziak alderdi abertzaleen batasunaren alde egin duen apustua ere. «Espainiari aurre egiteko poloa sortzea» onuragarria litzatekeela onartu duen arren, akordioa lortzeko «oztopo nagusia» ETA dela gogorarazi du.

Eskumena, zalantzan

EAk gogor kritikatu du EAJk Espainiako aurrekontuen inguruan egin duen negoziazioa. PSOErekin lortutako hitzarmenak «nahita edo nahi gabe» EAEko Estatutua «debaluatu» duela salatu du.

Ziarreta «harrituta» azaldu da EAJk Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin negoziatzeagatik: «Giza eskubideak ez errespetatzeagatik salatu duten pertsonarekin akordioa lortu dute oraingoan». Oroitarazi du Zapaterok atzera bota zuela Eusko Jaurlaritzak onartutako Estatutu Berriaren Proposamena; hiruko gobernuaren «proiekturik garrantzitsuena», hain zuzen ere.

Ziarretak zalantzan jarri ditu hitzarmenaren ondorioz lortutakoak ere. Aurrekontuak onartzeko akordioa «transferentzia erdiaren truke» egin izana leporatu dio EAko buruak EAJri. Horren ondorioz, «Espainiako Gobernua ez da behartuta sentituko legea betetzera», transferentziak «kromoak bezala aldatzeko» aukera behin ikusita. «Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ez dute ordaindu behar legez araututa dauden eskumenak izateko. Gobernua behartuta dago Estatutua betetzera, besterik gabe».

EAko buruak gogorarazi du Espainiako Gobernuak oraindik 37 eskumen dituela EAEra igortzeko. Iñigo Urkulluk asteartean aurreratu zuen Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzaren arloko eskumena hemendik aurrera Eusko Jaurlaritzarena izango dela «soilik eta oso-osorik». Ziarretak, berriz, zalantzan jarri du EBBko buruak esandakoa: «Oraindik ikusteko dago eskumena osoa edo partekatua den».

 

Lotura: Albistea Berria egunkarian
Jatorria: Eusko Alkartasuna/EP/Berria