Justiziaren eta oinarrizko eskubideen alde neurriak hartzeko ekimenak eramango ditu Eusko Alkartasunak Espainiako Kongresura. Zehazki, torturaren aurkako eta giza eskubideen eta eskubide zibil eta politikoen aldeko planak lehenbailehen martxan jartzeko galdegingo die EAk Gorteei. Unai Ziarreta EAko presidenteak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Kongresurako aurkeztu dituen hautagaiekin batera eman du agerraldia. Torturaren aurkako planaren barruan atxilotze zentroetan kamerak jartzea eta torturen ikerketa errotik aldatzea proposatu dutela azaldu du. Halaber, besteak beste, Alderdi Politikoen Legea indargabetzeko eskatu dute eskubide zibil eta politikoen aldeko planean, eta espetxe erreformak eta sakabanaketa politika aldatzeko, giza eskubideen aldeko ekimenean. Ziarretak azaldu du bere alderdiarentzat giza eskubideekiko errespetua zatiezina dela gizarte bizitzako esparru guztietan, eta horregatik eskatuko diotela Kongresuari ekimenak martxan jartzea. INDEPENDENTZIAREN AHOTSA Bi ardatzen gainean egingo du hauteskunde kanpaina Eusko Alkartasunak: batetik, ibilbide independentistan izan duen «koherentzia» azpimarratuko du; eta, bestetik, erabakitzeko eskubidearen defentsa egingo du. EAko presidentearen esanetan, Eusko Alkartasunak «ikuspuntu sozialdemokrata eta progresista batetik, independentismo modernoaren ahotsa» izaten jarraitu nahi du Madrilen. Gainera, beste alderdiekin «loturarik eta hipotekarik» ez duelako, EA ez dela independentziarekin «salerosketan» ibiliko ziurtatu du alderdiko presidenteak. Horrekin batera, gatazka politikoaren sustraiak Madrilgo agenda politikoan jarriko dituztela azaldu du Ziarretak. Haren hitzetan, erabakitzeko eskubidea da tresna egokiena aukera politiko guztiak defendatzea eta gauzatzea ahalbidetuko duen esparru politiko berria lortzeko. «Baita independentziaren bidez Europan Euskal errepublika sortzea ere», erantsi du. Eta ohartarazi du PP eta PSOE gai hori Madrilgo eztabaida politikoan egon ez dadin saiatu diren arren, mahai gainean jarriko duela EAk. Izan ere, Ziarreta ziur dago euskal herritarren arazoak Euskal Herritik konpondu behar direla, eta Eusko Alkartasuna dela arazo horietaz hobekien arduratuko den alderdia. Horregatik, politika alorrean ez ezik, gizarte gaietan ere euskal herritarren ongizatea hobetzeko ekimen sorta proposatuko du EAk. Tartean, lan harremanetarako euskal esparrua sortzea eta lanbide arteko gutxieneko soldata igotzea eskatuko du.

Jatorria: Unai Ziarreta