Unai Ziarreta EAEko hauteskundeei begira, EAJrekin hitz egiteaz gain, Batasunarekin eta Aralarrekin ere egongo direla esan du EAko lehendakariak.

 

Iñigo Urkullu EAJko presidenteak igandean jakinarazi zuen
laugarrenez segidan Juan Jose Ibarretxe proposatuko diela euren afiliatuei
Eusko Jaurlaritzako lehendakarigai izateko, eta jendea EAra begira hasi da,
atzera koalizioa osa dezaketela-eta. Unai Ziarreta EAko lehendakariak ez du
aukera hori baztertzen, gaur Euskadi Irratian esan duenez, baina aukera bakarra
hori ez dela gaineratu du. “Mugimendu subiranista erraldoia sortu beharko
litzateke”, esan du.

 

“Oso pozik gaude Jaurlaritzan [EAJ eta EBrekin]. Gauzak
oso ondo egin ditugu, eta Ibarretxek inplikazio handia erakutsi du herri hau
aurrera eramateko. Nola ez, hurrengo hauteskundeei begira EAJrekin hitz egingo
dugu, baina beste aukera batzuk ere badaude”. Gaur El Pais-ek argitaratu
du Batasunarekin eta Aralarrekin egotekoa dela EA, eta Ziarretak esan du hala
dela. Batasunarekin lankidetzan aritzeko, ETAk indarkeria behin betiko
bukatzeko konpromisoa agertu behar duela dio EAko buruak.

 

EAEko bozei begira “otsailetik-edo” lanean ari
direla adierazi du -2009ko martxoan izango dira Arabako, Bizkaiko eta
Gipuzkoako hauteskundeak-, baina ez zaiola iruditzen orain balizko koalizioen
kontua denik lehentasuna. “Legealdia bukatu behar da, erabaki eskubidearen
gaia hor dago… Alderdi barruan lasai-lasai ari gara hizketan hauteskundeez,
eta ikusiko dugu gure jendeak zer esaten duen”.

 

“Erabaki eskubidea eztabaidaren erdian kokatu”
dutela-eta, gustura dago EA, eta bide horretan segitu behar dela iritzi dio
alderdiko lehendakariak. “Ate bat ixten badigute -Espainiako Auzitegi
Konstituzionalak bezala-, beste bat bat irekitzen saiatuko gara”. Bide
horretan garrantzitsua iruditzen zaio indarrak metatzea.

Lotura: Albistea Berria egunkarian
Jatorria: EP/Berria