Jon Peli Uriguenek, EH Bilduko Gipuzkoako batzarkideak, Osoko Bilkuran turismoa zaintzeko zerga jartzearen beharra defendatu zuen atzo. “Tasak turistek sortzen duten gastuei aurre egiteko balio behar du, gure lurraldearen balioak, kultura, ingurumena, …, mantentzeko”, azaldu zuen. Era honetan, EH Bilduk Elkarrekin Gipuzkoak aurkeztutako mozioari baiezko botoa emango ziola adierazi zuen. Zentzu honetan, Euskal Herrian turismoak duen indarra azpimarratu zuen, baina honek “inguruan eragin ez onuragarriak edo aztarna ezberdinak uzten dituela” ere gogoratu zuen.

Jon Peli Uriguenek “turismo fluxuen banaketa orekatua” bilatzea defendatu zuen eta horretarako “Big Dataren garai hauetan, turismoaren inguruan, daukagun informazio guzti hori gure mesederako” erabiltzeko aukera.

Azkenik, prozesu parte-hartzaileak irekitzearen beharra azaldu zuen turismo eragileekin, auzo elkarteekin, bertako bizilagunekin etab.

 

 IKUSI HEMEN BIDEOA:  JP Uriguen Turismo Zerga 

 

ETA HEMEN DUZUE HITZARTZE OSOA:  

 

TASA TURISTIKOAREN INGURUAN

 

Gipuzkoan, eta Euskal Herrian, turismoak indar handia daukala ukaezina da. Horrela izan da azken urteotan, eta administrazio guztietan gero eta garrantzia handiago ematen zaio gaiari.

Egia da, era berean, guri heltzen zaigun turismoa anitza izan dela, eta ez dugula inondik inora nahi beste leku batzuetan ugaritzen ikusi dugun kontzientziarik gabeko turismo kaltegarria.

Gipuzkoan arlo askotariko turismo esperientziak bultzatu dira azken urteotan (kulturari lotutakoa, kirolari lotutakoa nola ez, Behobia-Donostia, Zegama Aizkorri, Donosti Cup eta bestelako ekitaldiak baliatuz, turismo gastronomikoa, enpresei edo kongresuei lotutako turismoa, naturari lotutakoa…).

Esan dezakegu ez dela izan eguzkia, hondartza eta parranda eskaintzen duen turismoa guk bilatu duguna (agian eguzkia zaila delako tarteka ikusten gurean…), baina argi dago baita ere turismoak era berean inguruan eragin ez onuragarriak edo aztarna ezberdinak uzten dituela.

Beti esan da Gipuzkoan turismo fluxuen banaketa orekatu eta homogeneoa bilatzen dugula, sektorean lan egiten duten pertsonen profesionalizazio maila areagotzea, enpleguaren duintasuna bilatzea, … eta horren bila joateko politikak egiten ditugula, denok batera, turismo mahaiak bultzatuz, sektoreko eragileekin batera, …

Ba, orain da aukera hori erakusteko.

Big Dataren garai hauetan (aspaldi hasitako joera den arren, azken urteetan gorakada nabarmena izan duena), gero eta informazio gehiago daukagu turismoaren inguruan, beste edozein arlotan bezala. Beraz, erabil dezagun informazio guzti hori gure mesederako, baina ez modu berekoian, gure gizartea hobetzeko baizik, gure kultura sustatzeko, euskararen defentsan, ingurumenaren biziraupena helmugan, …

Eustatek argi utzi izan du, beste eragile askok bezala, turista mota ezberdinak daudela. Sailkapen posible baten arabera, txangolariak (gaua igarotzen ez dutenak) eta turistak (gaua igarotzen dutenak) izan ditzakegu, eta adibidez, Donostia erdialdean eta alde zaharrean, Gipuzkoan turista kontzentrazio handienetakoa duten lekuetan, badirudi turistek sortzen dutela kontzentrazio hori, ez horrenbeste txangolariek. Beraz, datuak datu, hausnarketarako informazio ugaria daukagu.

Beste ezaugarri garrantzitsua Gipuzkoan bada ere turismoaren baliabideak ez direla agentzien jabetzako elementuak (museoak, parkeak, mendiak, errepideak, …), jabetza publikokoak baizik, eta sektorean inbertitzen dutenak eta etekinak ateratzen dituztenak askotan enpresa pribatuak direla. Argi dago zaila dela turismoaren eragin ekonomikoa zehaztea, baina oro har esan dezakegu eragin hori positiboa dela. Eragin negatiboak puntualak izan daitezke eta eremu konkretuetan. Horregatik daukagu interes handia turismoaren eragina orekatzeko lurraldean zehar eta urtarokotasuna gainditzeko neurriak hartzeko. Azken batean, Gipuzkoa lurralde konplikatua da bere kudeaketari dagokionez, eskualde mailan dagoen aniztasun handiagatik.

Guzti hau gutxi balitz, ikerketa ezberdinak egiten dira, eta Eustaten datuen arabera, bidaiarien % 87 prest daude beren bidaiak turismo jasangarriaren printzipioak errespetatzen dituela bermatzen duen etiketa baten konfiantza jartzeko, eta adibidez, Frantziarren % 68 prest egon zen uneren batean beren oporrengatik gehiago ordaintzeko helburu ekologikoago batera joateko badira.

Azken batean, EH Bildun uste dugu turismo tasak turistek sortzen duten gastuei aurre egiteko balio behar duela, gure lurraldearen balioak, kultura, ingurumena, …, mantentzeko. Hau da, bildutako dirua proiektu finalistetara bideratu behar da:

  1. Natura baliabideen optimizazioa
  2. Lurraldean inbertitzea
  3. Epe luzerako jarduera ekonomikoak bultzatzea
  4. Turismo eredua eraberritzen jarraitzea
  5. Turistek, bizitako esperientzien bidez, bertako kultura eta ondarea balioan jartzea

Guzti hau egiteko, ez bakarrik turismo eragileekin, auzo elkarteekin, bertako bizilagunekin, …, prozesu parte hartzaileak ireki behar dira, auzoan dauden arazoak jorratzeko.

Horregatik guztiagatik, bat egiten dugu Elkarrekin Gipuzkoak egin duen proposamenarekin, eta gure aldeko botoa emango diogu Batzar Nagusiek eskatzeari Euskadiko Zerga Koordinazioko Organoari proposamen bat egin dezala 3 Batzar Nagusietan eztabaidatua eta onartua izateko helburuz, Udalek aukera izan dezaten tasa turistikoa ezartzeko.

Eskerrik asko