Estatutuaren urtemuga, urriak 25, jaiegun izendatzen zuen legea indargabetzearren Legebiltzarrak gaur hartu duen erabakiaren garrantzia nabarmendu du Pello Urizarrek, “horrelako neurriak ere beharrezkoak direlako nazio eraikuntzaren bidean”. EAko idazkari nagusiak gogora ekarri du PSEk eta PPk euren gehiengo artifiziala baliatu zutela pasa den legealdian urriaren 25a Euskadiko Eguna izendatzeko, eta ezinbestekotzat jo du inposaketa hori bertan behera uztea Estatutua ospatzea bat ez datorrelako gehiengo sozialaren borondate politikoarekin. “Horregatik eskatu genuen EH Bildutik lege hori indargabetzeko, eta poztekoa da hala izan dela ikustea”, dio Urizarrek.
Bere balorazioa, hala ere, ez da erabat positiboa, EAJk uko egin diolako Euskararen Eguna, abenduak 3, Euskadiko Egun gisa izendatzeari. Horixe proposatu zuen Urizarrek EH Bilduren izenean, baina EAJk ez du ekimen hori aintzat hartu. EAko buruzagiaren iritziz, jeltzaleen jarrera “penagarria eta ulergaitza da, aukera galdu dutelako euskara aldarrikatzeko eta Hego Euskal Herri osoak jaiegun propio eta amankomuna ospatzeko; finean, Euskal Herriaren egituratzeari bultzada emateari ezetz esan diote”.