Araba Euskarazeko ekitaldietan parte hartuta Trebiñuko biztanleek euskaraz ikasteko duten eskubidea babestuko du Eusko Alkartasunak. Arabako ikastolen elkartearen jaia Argantzun eta Sagastietan egingo da igandean, Argantzun ikastolako Lehen Hezkuntza zikloa sortzeko finantziazioa lortzeko helburuarekin.

Euskarazko hezkuntzaren aldeko borroka zailen den eremuan ospatuko da, administratiboki Gaztela-Leonen menpe dagoelako, eta horregatik, hain zuzen ere, garrantzitsuagoa da lan hori aurrera eramatea. Testuinguru horretan Argantzun ikastolak egiten duen lana eredugarria da, baita hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa ere, inguruko herri guztietako haurrei euskarazko kalitatezko hezkuntza ematen baitie, inposatutako muga administratiboak apurtuz.

Araba Euskarazeko ekitaldiekin bat egingo du Eusko Alkartasunako ordezkaritza batek, Argantzun ikastolak Trebiñon gehienbat egindako lana babesteko; era berean, Arabako euskaltzale guztiei dei egiten die jaiarekin eta aldarrikapenarekin bat egin dezaten.