Joseba Azkarraga
(Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua) Gaztela eta Leongo Auzitegi Nagusiaren epaiak
txartel bat ele bietan -euskaraz eta gazteleraz- jartzeko eskubidea aitortu
dio Trebiñoko konderriko udalari, Aznarren gobernua kulturaren eta herriaren
esanetara dagoen ekimen horren aurka agertu bada ere. Horra hor, bada, Trebiñoko
jendeak egunero jasaten duen egoera tamalgarriaren beste adibide bat. Izan ere,
Arabako bihotzean bizi diren herritar horiei beren borondatea azaltzea galarazten
zaie, parte diren Europako eskualdearen garapenean esku hartzea oztopatzen zaie,
eta beraiekiko interes falta nabarmena duen urrutiko administrazioaren dantzan
ibiltzera behartzen.
Gaztela eta Leongo Junta haserre bizian jarri
da Eusko Jaurlaritzak Trebiñoko 250 kilometro karratuen eta ia bi mila
biztanleen garapena lortze aldera 306.516 euro baliatuko duten zenbait lankidetza-hitzarmen
ontzat eman dituenean. Konderriko jendeak berak eskatutako laguntza da, Burgosko
edo Gaztela eta Leongo Administrazioak ez baitiete inoiz beharrei erantzun.
Gaztelako sozialistek beraiek esan dute Eusko Jaurlaritzaren laguntza Valladolideko
gobernuaren jarrerari «belarrondoko» bat ematea dela; izan ere,
gobernu horrek auziari bizkarra emateaz gain, mota guztietako trabak jartzen
baitizkio Tebiñoko jendea asebetetzeko akordio bat lortzeari.
Martxoaren 5ean, Euskal Autonomia Erkidegoko
eta Gaztela eta Leongo Juntako Erakundeen Batzordeak Trebiño aldean zerbitzuak
emateko erakunde bien arteko lankidetza aztertuko du. Herritar arabarra naizen
aldetik, espero dut bilera horretan Gaztela eta Leongo ordezkariek benetako
interesa erakustea konderriko herriek (berrogei baino gehiago) ongizatea hobetzeko
egunero azaltzen dituzten arazo eta erreklamazio ugari konpontze aldera.
Hezkuntza, osasuna, gizarte-laguntza, etengabeko
prestakuntza, nekazaritzako arriskuen prebentzioa, tokiko azpiegiturak -bidekoak
zein hidraulikoak-, hornidurak, lur-antolamendua, kultura eta aisialdia; horiexek
dira, besteak beste, Argantzungo eta Trebiñoko konderriko udalerriek
premiaz eta tokian-tokian esku hartu beharreko gaiak.
Ostiralean, martxoak 8, konderriko herritarrek
askatasunez egin zuten kontsultaren urtemuga beteko da, orduan aldarrikatu baitzuten
Araban eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioan sartu nahi dutenetz erabakitzeko
erreferendum bat egiteko eskubidea. PP buru izanik, Gaztela eta Leongo Erkidegoko
ondoz ondoko gobernuek ez diote utzi demokraziaren oinarrizko agerpen horri
aurrera egiten.
Arabako PPko kideek, berriz, Trebiñoko
herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea onartu behar izan
badute ere, ez dute fitsik ere egin haien laguntzan. Hori bai, estatuko PPk
etengabe egindako agindu hutsalekin eta iragarki eroekin bat egin dute, ordea.
Kontua da Legua del Rey oraindik zegoen-zegoenean dagoela. Orobat, konderri
osoan badaude ur-arazoak, Gasteizko gobernuak erantzuten die abeltzaintzaren
sanitatearen premiei, heziketa euskaraz jasotzeko eskariak herritarren ahaleginari
esker asetzen da, konderriko errepideak ez daude gaur egungo trafikoaren premietara
egokituta, herri-garraioak hein handi batean Arabako plangintzaren baitan daude…
Azken buruan, Trebiñok askatasun osoz bere etorkizuna erabakitzearen
aurkako jarrera hori dela-eta, ia konderriko gizarte eta ekonomia biziaren alde
guztiak motelduta eta atzeratuta daude.
Joan den otsailaren 24an, Gaz tela eta Leongo
Juntako buruak, Vicente Herrera jaunak, aditzera eman zuen bezala, ez du inoiz
hitz egin Ibarretxerekin Trebiñori buruz. Halaber, agian aurki konderria
bisitatu- ko duela iragarri zuen. Txiste bat dirudi; haren aurrekoa, Juan José
Lu cas, ez baitzen hamar urtetan agertu ere egin lur hauetan. Martxoaren 8an
aldaba-hots handia entzun behar da berriro, behingoz Trebiñoko herritarren
borondatea errespetatu dezaten.

Jatorria: Eusko Alkartasuna