Jesus Mari Larrazabalek lege proiektua sei hilabeteetan aurkeztu dezan eskatu dio Jaurlaritzari

Eusko Alkartasunak legez besteko proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean sexu aldaketak egiteko ebakuntzak eta prozesu horretan beharrezkoak diren tratamendu guztiak, kirurgikoak zein psikologikoak, sar daitezela, bai eta sexu aldaketa egiten duten pertsonen lan eta gizarte integrazioa bultzatzeko neurriak ere.
Jesus Mari Larrazabalen ekimenak EAk martxoko hauteskundeetan aurkeztu zuen programaren proposamenak jasotzen ditu eta Jaurlaritzari eskatzen dio gehienez sei hilabeteren buruan transexualitateari buruzko lege proiektu bat aurkez dezala, gaur bertan Gemma Zabaleta Lan eta Gizarte Gaietarako sailburuak iragarri duena, hain zuzen ere.
EAko legebiltzarkideak transexualei eskainitako osasun zerbitzua hobetuko duen lege bat onartzearen alde egin du, sexu aldaketak egiteko ebakuntzak Osakidetzan bermatzea ahalbidetuko duena eta laguntza eta hezkuntza arloetan pertsona guztien arteko benetako aukera berdintasuna sustatzeko neurriak jasoko dituena, sexu edo genero nortasunagatik inor baztertu gabe. Ildo honi jarraituz, Larrazabalek Jaurlaritzari eta gainontzeko instituzio publiko guztiei eskatu die gizarte eraldaketa eta honekin batera portaera baztertzaileen desagerpena ekarriko duten politika aktiboak sustatzeari ekin diezaiotela.

Jatorria: Eusko Alkartasuna