PPk eta PSOEk Madrilen erabakitzen denaren menpe egoteak bakea eta elkarbizitza arloetan aurrerapausoak ematea oztopatzen duela uste du Eusko Alkartasunak
EAEko PPren presidente ohiak emandako urratsak dimisioa behartzea tamalgarria dela deritzo Eusko Alkartasunak. Alderdiaren ustez, Euskal Herrian PPk eta PSOEk egiten duten politikak Madrilen menpe egoteak akordioak oztopatzen ditu.
Ikerne Badiola, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak gogoratu duenez bistakoak ziren PPren barruko ezadostasunak eta “beti bezala, Madrilek defendatzen duen jarrerak irabaztea” kritikatu du. Orain, “barruan egin behar duten lanarekin batetik eta pausuak ematearen ordaina kanpoan geratzea dela ikusita, oso zaila da PP berriro saiatzea”.
Azkenik, Eusko Alkartasunako ordezkariak esan duenez, “azken asteetan Espainiako PP eta PSOEtik datorrena gizartearen gehiengoarentzat deserosoa da, baina baita alderdi horietako euskal militanteentzat, gezurretan oinarria duten polemika absurduekin, kupoa eta bakegintza arloan mugimendurik egin gabe”.