Eusko Alkartasunako Komunikazio idazkari Ikerne Badiolak PSOEren idazkari nagusi Pedro Sanchezek independentismoaren inguruan esandakoei buruz adierazpenak egin ditu. Badiolaren ustez, Sanchezek independentismoa iraintzean “aldarte demokratikorik ez duela erakusten du eta iragarri du sozialistek orain arteko moduan jarraituko dutela: euskal gizartearen gehiengoaren aurrean entzungorrarena egiten”.
Badiolak gaineratu du Sanchezen hitzek independentziaren aldeko bidean “Eusko Alkartasunak defenditzen duen aldebakartasunaren tesia indartzen” dutela. Alderdi espainiolek “Estatu espainiarraren indartzean bakarrik dute burua, gizartearen eskariak hasetzeko beharrezkoa den elkarrizketa arbuitatuz”.
Azkenik, Eusko Alkartasunaren ordezkariak azpimarratu du bere alderdiak gizartearen nahia betetzearen alde lanean jarraituko duela eta baita ere “euskal herritarrek kontsulta batean bozkatzearen alde lan egingo dutela, Kanadan jada izan den eta Eskozia eta Katalunian laster izango direnen moduko batean”.