Donostiako Eusko Alkartasunak bere poza adierazi nahi du San Bartolome muinoko begiratokiari “Joseba Elosegi Begiratokia” izena jarriko diotelako.

Donostiako Batzorde Eragilearen ordezkari bezala Jabier Estebanez “Gorri” gaurko Udalbatzan izan da eta bertatik bertara izan du gaiordeneko zazpigarren puntuaren berri. Horretan, EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Irabaziren aldeko bozekin, San Bartolome muinoko begiratokiari “Joseba Elosegi Begiratokia” izena jarri zaio.

Tokiko koordinatzaile Jabier Estebanez “Gorri”k Donostiako Udalean eskaria sartu zutenei -tartean Eusko Alkartasunako kide ugari- eskerrak eman dizkie eta bere poza adierazi du “egun hiriko toki batek Joseba Elosegiren izena eramango baitu, Eusko Alkartasunak referente dituen Koldo Mitxelena, Ignacio Maria Barriola, Nestor Basterretxea eta Carlos Santamariaren moduan”. Halaber, oso egoki iritzi dio Karmele Esnal plaza izena ere onartu izanari, emakume honek hezkuntzaren eta euskararen mesedetan egindako lana goraipatzeko.