EAk galdera bat aurkeztu du Herrizaingo sailburuak azal dezan zer nolako neurriak hartu dituen giza duintasunaren aurkako horrelako erasoak ekiditeko

Eusko Alkartasunak galdera bat aurkeztu du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean Gobernuaren Kontrolerako hurrengo osoko bilkuran, datorren ostiralean, hilak 9, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak azal dezan zergatik erabili diren Ertzaintzak kendutako bi presoren argazkiak tiro praktikak egiteko eta, baita ere, argi dezan zer nolako neurriak hartu dituen giza duintasunaren aurkako horrelako erasoak berriz ere gertatzea eragozteko.
EAk kezkaz jakin du Interneten dagoen bideo batean bi kaputxadun tiro praktikak egiten agertzen direla eta, jomuga gisa, Garikoitz Etxeberria presoaren eta Koldo Alaña preso izandakoaren argazkiak erabiltzen dituztela; izan ere, Ertzaintzak argazki horiek kendu zituen Lizartzako Udaletxetik 2007ko uztailaren 2an. Bideoak erakusten duenaren harira, Jesus Mari Larrazabalek “Ertzaintzak, beti eta salbuespenik gabe, giza eskubideen eta giza duintasunaren defendatzailerik sutsuena izan behar” duela gogorarazi du. Bere hitzetan, “oso larria da ustez ertzainak diren bi lagunek tiro praktikak egiteko jomuga bezala bi pertsonaren irudiak erabiltzea eta, gainera, hori guztia Herrizaingo Sailarenak izan daitezkeen instalazioetan gertatzea. Rodolfo Ares behartuta dago, politikoki zein etikoki, gertakizun horien ikerketa bultzatzera eta, egileak zigortzeaz gain, horrelakoak berriz ere errepikatuko ez direla bermatzeko neurriak ere hartu behar ditu”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna