“Gizarteak giza eskubideen konpromisoa pertsona guztiengana hedatzea eskatzen dio ETAri” Rafa Larreina Eusko Alkartasunako Antolaketa idazkariak esan du Juan Jose Ibarretxeri lehendakaritzarako babesa ematen dioten hiru alderdiek, EAJk, EAk eta Ebk, ez diotela uko egiten Aralarren eta EHAKren botoak ere izateari, “programan ez baitago horretarako oztoporik”.

Larreinak adierazi duenez, bere helburua 42 legebiltzarkideren babesa izatea da, hirukoaren 32ez gain, EHAKren 9ena eta Aralarren bakarrarena, alegia. Babes hori oinarrizkoak liratekeen puntu batzuen araberakoa izan beharko litzateke, “legegintzaldi honetako helburu nagusia den normalizazioaren alde lan egiteko”.

EAJ, EA eta EB ados daude oinarri “oso sendoetan”: “euskal herritarrek erabakitzeko duten eskubidea eta lurraldetasunaren aitorpena”, besteak beste. “Euskal Herria badela eta berau osatzen duten alde guztiek, horrela erabakiz gero, unitate politiko berbera osa dezaketela” nabarmendu du.

EAko buruzagiaren ustez Ibarretxeren hautagaitza babesten duen “plataforma” iritzi horietan “oso sendo” dago eta ideia horiek babesteko inolako arazorik ez lukete izan behar Aralarrek eta EHAK-k.

ETAren agiriari buruz, “giza eskubideak errespetatzeko konpromisoa hartzea beti da albiste positiboa” azpimarratu du. Larreinaren ustez “gizarteak giza eskubideen konpromisoa pertsona guztiengana hedatzea eskatzen du”.
Jatorria: Rafael Larreina