Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak, Pello Urizarrek gaurkotasun politikoa aztertu eta “gatazkaren izaera politikoa ukatzen saiatzea euskal gizarteari barre egitea” dela esan du.

Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak, Ikerne Badiola, Komunikazio arduraduna, lagunduta egin du gaur prentsaurrea alderdiak Independentistak sareak Aberri Egunerako egindako deialdiarekin bat egiten duela esateko, Biltzar Nagusiko Txosten Politikoaren ardatz nagusiak azaltzeko eta gaurkotasun politikoa baloratzeko.

Eusko Alkartasunak Independentistak Sareak antolatutako Aberri Egunean parte hartuko du aurten ere laugarren urtez jarraian. Aberri Eguna batera ospatzea bat dator azken urteotan ezkerreko indar subiranistekin sinatu ditugun akordio estrategikoekin. Gainera, aurtengo leloak ere -‘Etorkizuna, Independentzia’- bat egiten du gure jarrera politikoarekin. Bat egiten du, berez, Eusko Alkartasunak maiatzean egingo duen biltzarrean aurkeztuko den Txosten Politikoaren ildo nagusiekin. Txostena osatzeko orduan militantziak parte hartu du aktiboki, eta orain gure oinarri sozialari itzuli zaio berriro zuzenketak egin ahal izateko.

Independentistak Sareak bezala, Eusko Alkartasunak ere gaur independentzia aukera erreala eta egingarria dela uste du. Independentismoaren lan serioak eta koordinatuak independentzia eztabaida politikoaren erdian egotea lortu du. Bide horretan, gure inguruko prozesu subiranistek ere, batik bat, Eskozian eta Katalunian, lagundu dutela aitortu behar dugu.

Zentzu honetan, ziur gaude autodeterminazio eskubideari buruzko gogoeta-aldia amaitu dela. Orain gogoeta bestelakoa da, orain independentziarako bideak nolakoa izan behar duen hausnartu behar dugu. Bideari ekin diogu, eta prozesua amaituko da euskal herritarrek erabakitzen dutenean, erabakitzen dugunean, zein marko juridiko-politikotan bizi nahi dugun.

Murgildurik gauden krisi ekonomiko larriak argi adierazten du Estatu espainolaren parte izateak gure garapena eragozten duela. Une hauetan argi dago arlo sozial, ekonomiko eta finantzieroetan burujabe ez izateak gure etorkizuna hipotekatzen duela.

Independentziari buruzko erreferendumaren data iragarri ostean Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak zioenez: “gure aurkariek diote ezin dugula independentzia gure gain hartu; nik, ordea, diot Eskoziak ezin duela onartu independentea ez izatea”.

Horixe bera gertatzen ari da Euskal Herrian. Garestiegi ordaintzen ari gara independenteak ez izatearen prezioa. Independentzia gure proiektu politikoa da, baina gure alternatiba ere bada krisi ekonomiko egoera honetan. Gure etorkizun ekonomiko eta soziala Madriletik datozkigun aginduetatik haratago eraikitzeko gai izan behar dugu, agindu horiek ez daudelako gure egoera sozioekonomikorako eta gure ehun produktiborako pentsatuta.

Gaur egun ezin ditugu gure ekonomia eta finantza-baliabideak planifikatu; ezin ditugu gure errealitatea aintzat hartuko duten zerga eta industria-politika egokiak garatu. Hau da, eskuak loturik ditugu eta ezin dugu estrategia bat garatu euskal gizartea geldiarazten duen krisi ekonomikotik ateratzeko.

Hori da Europako autonomiarik handiena omen denak eskaintzen diguna, beraz krisi ekonomikoa gainditzeko ere independentzia bide bakarra dela uste dugu.
Eta bide horretan Printzipio Demokratikoaren aldeko apustua egiten dugu. Hau da, gure ustez, herri baten etorkizuna baldintzatuko duen gauza bakarra bertan bizi diren herritarren erabakia da.
Horrek ez du esan nahi ez dugula Euskal Herriak nazio bezala eskubideak dituela uste, baizik eta kanpo aitormenaren zain ez egoteko erabakia hartu dugula. Euskal Herriaren etorkizuna euskal gizartearen esku egongo da. Horrela jartzen du gure Biltzar Nagusiaren Txosten Politikoan.
Nazio eraikuntza eta burujabetza praktikoa erritmo ezberdinak ulertu eta errespetatu behar duten prozesu bezala ulertzen dugu. Eremu bakoitzeko gehiengo politikoek markatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoak, Nafarroak eta Iparralderen erritmoak. Gauza bat da zer nahiko genukeen eta beste gauza bat zer den egokiena. Kasu honetan horrela da eta hiru erritmoen proposamenak egungo mugiezintasuna gainditzen lagunduko duela uste dugu.
Independentziarako bidea Eusko Alkartasunarentzat lehentasuna den bezala, bizi dugun egoera gainditzea ere lehentasuna da. Prozesuak aurrera ez egitea eskandalu demokratikoa dela esateko ordua iritsi dela uste dugu.
ETAren bortxa amaituta dena posible izango zela entzuten eman ditugu urteak eta urteak eta ETAren su etena iragarri eta bi urte’terdira Espainiako Gobernua, Alderdi Popularra eta Alderdi Sozialista ez dira mugitu.
Gure historiaren alderik beltzena irudikatzen du ETAk, maila etikoan tragedia latza eta independentismoaren ikuspegitik oztopo politiko handia izan da. Hori izan da gure balorazioa duela 26 urte eta egun balorazio bera egiten dugu. Eta alde horretatik begiratuta, gatazkaren izaera politikoa ukatzen saiatzea euskal gizarteari barre egitea dela uste dugu.

Bateraguneko kideak politika egiteagatik daude kartzelan. Kutxazain bat erretzeagatik bost urteko kartzela zigorra ezartzearen atzean arrazoi politikoak daude eta arrazoi politikoak bultzatuta ahaztu zuen Antonio Basagoitik Santi Brouarden izena biktimen zerrenda irakurri zuenean.

Espainiako demokrazia oso maila baxukoa dela ikusten ari gara. Herri honek epe historiko bateko biolentzia faltsuan ixten ikusi du, eta horren ondorioz gaur egun oraindik senideen gorpuak bide bazterretan bilatzen jarraitzen duenik ere bada. Ezin da berriro ere gertatu. Azken hamarkadetan gertatu den guztia, GUZTIAren, memoria aldarrikatu beharra dago, ez memoria selektibo bat, eta ez dugu utziko bizi izan dugunaren gezurrezko bertsioa gailentzerik.

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna