Artur Mas, Catalunyako presidente ohiak eta Juan José Ibarretxe, lehendakari ohiak asteazkenean emandako hitzaldiak ikusmin handia sortu du, euskal gizarteari erabakitzeko eskubidea interesatzen zaiola argi utzita.
Eusko Alkartasuna izan zen printzipio demokratikoari buruz lehenengoz hitz egin zuen alderdi abertzalea, Quebec-eko subiranotasunarekin zituen harremanen bidez. Gaur egun, horixe da independentziarako bidea egiteko biderik aitortuena. Ezin bestela izan, printzipio demokratikoak herri baten etorkizuna bere gizartearen esku uztea esan nahi baitu: demokrazia da oinarria. Horregatik, hiritar abertzaletasunaren oinarrietako bat da, XXI. mendearen subiranotasuna, eta hiritarren borondatea indarrean dagoen legediaren gainetik jartzen du, legeak gizartearen nahiari erantzun behar diolako, eta ez alderantziz.
Printzipio demokratikoaren defentsa onartuta, subiranotasunaren bidea garatzeko zintzotasuna nahitaez behar den ezaugarria da. Eta puntu horretan datza Mas eta Ibarretxeren esperientzien aldea. Ibarretxek elipsi handia egin behar izan zuen –eta Kursaalen aretoa bete zuten ia 2.000 lagunek eskuzabaltasunez onartu- bere izena duen planaren garapenari buruzko azalpenean Josu Jon Imaz buru zuen bere alderdiaren zuzendaritzak marko politiko berria lortzeko aldaketa gauzatu ez zedin izan zuen garrantzia ezkutatzeko.
Izan ere, lehendakariaren alderdiak prozesuari eman zion bultzada bi prozesuen arteko beste ezberdintasuna da. Hori politikari buruz bakarrik hitz egiten, ezin baita ahaztu biolentziak gurean izan duen historiak ere ez zuela lagundu, etika alde batera utzita, mugimendu independentistaren batasuna ezinezko egin zuelako. Masi bere alderdia lagundu zion. Eta Euskal Herritik begiratuta behintzat, babes hori espero ez zenean gainera.
Ibarretxek ez zuen EAJren babesik izan, ez orduan ezta asteazkeneko hitzaldian ere, non bertaratu ziren jeltzale guztiak norberaren izenean joan ziren. Nabariak dira, ordea, bertaratu ez zirenen zerrenda: EAJko presidentea, Iñigo Urkullu eta bere Gobernuaz ari gara, noski.
Zerrendak argi azaltzen du EAJren jarduna ez datorrela bat Ibarretxe lehendakariaren hitzekin, ez orain ezta 2004-2005 urteetan ere. Eusko Alkartasunak exijitu zuelako posible izan zen EAJk Ibarretxe plana delakoaren ibilbidea egitea, beti ere plano teorikoan. EAJk plana aurrera eraman zuen erakundeetan, baina ez plano politikoan –honetan jeltzaleen zuzendaritzak prozesua oztopatu egin zuen geldiaraztea lortu zuen arte-. EAJrekin subiranotasunaren arloan eta nazio eraikuntzan aurrera pausuak eman ezin zirela argi geratu zenean, Eusko Alkartasunak jeltzaleekin zuen elkarlana bukatutzat eman zuen.
Ibarretxe lehendakariaren diskurtsoa EAJn barru-barruraino sartu behar da. Oinarri jeltzaleek zuzendaritzarengan aldaketa bat bultzatzen dutenean, Ibarretxek eta Masek aldarrikatutako instituzio eta gizartearen arteko elkarlana posible izango da. Orduan, bakarrik, posible izango da Kataluniako egoerara iristea.