“Bakerako euskal bideak” zehazten duen norabidean urratsak ematen jarraitzen du EH Bilduk. Zentzu honetan, eta Memoriaren Egunean giza eskubideen urraketa guztiak salatu ondoren, euskal presoen aldeko 24 orduko baraua egingo du.
EH Bildurentzat lehentasunezkoa da euskal gatazka politikoaren ondorioei era orokorrean erantzutea. Zentzu horretan, estatu espainol zein frantsesean preso dauden 450 lagun ingururen egoera gogoratuko dugu. Egoera horrek eragina du ez bakarrik presoengan, baizik eta bere senitarte eta ingurukoengan.
Testuinguru horretan, EH Bilduk Bilboko La Casilla Kiroldegian egingo den 24 orduko baraualdian parte hartzeko gonbidapena egiten dio bere oinarri sozialari. Baraualdia larunbatean, azaroak 21, La Casilla aurreko plazan eguerdiko 12etan hasi eta igandean, azaroak 22, Guggenheim Museoaren sarreraren aurrean eguerdiko 12etan amaituko da ekitaldia.