EAEn dagoen lan istripuen kopuru handiarengatik galdetu dio Maider Otamendik Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailbutuari gaur Eusko Legebiltzarrean egin den Kontrolerako Osoko Bilkuran. EH Bilduko legebiltzarkidea eta Eusko Alkartasunako kideak salatu duenez, arazoari aurre egiteko neurriek ez dute emaitzarik ematen: aurtengo lehen hilabetean zortzi langile hil eta beste sei larriki zaurituak izan direla da horren frogarik argiena.
Lan prekarietatea eta ikuskaritzarako baliabide falta dira lan istripuen arrazoi nagusienak, Otamendik azaldu duenez. Izan ere, legebiltzarkideak gogoratu du “Osalaneko Zuzendaritzak ere prekarietateari eragozten dio nagusiki siniestralitatea”, eta Jaurlaritzak arazo larri horri aurre egiteko beharrezkoak diren baliabideak ez dituela jartzen esan.
Lan ikuskaritzari buruz, Otamendik agerian utzi du 44 ikuskatzaile plaza daudela transferituak baina horietako 6 plaza hutsik daudela, “esparru hori indartu beharraz hitz egin den arren”. Bestetik, prebentziorako ikuskatzaileorde figura Estatuak arautu behar du, eta ez da aurreikusten 2020a baino lehen egitea. “Horra hor eskumen guztiak gure esku izatearen beharra erakusten duen beste adibide bat”, amaitu du legebiltzarkideak.