Hezkuntza izan da berriro ere Nafarroako Parlamentuak atzo eta gaur artean egin den Osoko Bilkura luzean gai nagusienetakoa. Hezkuntza Sailaren lana kritikatzen saiatu da UPN berriro ere, oraingoan irakasleek jasaten dituzten erasoen harira. Miren Aranoak, EH Bilduko legebiltzarkide eta EAko koordinatzailea Nafarroan, UPNren eskaerei uko egin die, eta “eskolan ematen diren erasoei aurre egiteko berdintasunean eta errespetuan oinarritutako hezkuntza behar da”.

Hezkuntza Saila arlo horretan egiten ari den lana defendatu du Aranoak: “Aldaketaren Gobernua etorri behar izan da, horren serioa eta kezkagarria den gaian aurrerapenak egoteko”. Erasoei aurre egiteko, orokorrean baina batez ere Hezkuntza arloan, “arazoa bere orokortasunean hartu behar da, protokolo batetik haratago joz eta, inolaz ere, zigorretan oinarrituta”, adierazi du Aranoak.

Gainera, eskola publikoak diru arazoak dituzten ikasleen zailtasunei aurre egin diezaion baliabideak emateko eskatzen zuen mozioa erretiratu du Izquierda-Ezkerrak, Hezkuntza Sailak eskatutakoa dagoeneko egiten duela onartuta. Esther Korres, EA eta EH Bilduko ordezkariak mozioaren asmoarekin bat egin du, eta Hezkuntza Sailak helburu hori lortzeko lanean ari dela azpimarratu du.

Eskola-porrota gure gizartearen porrota dela gogoratu du Korresek, eta berriro ere hezkuntza arloan urteetan zehar eman diren murrizketei buelta emateko deia egin.

Trafikoa

Erabat bestelako esparruan, talde parlamentario guztiek Gobernuari dei egin diote batez ere nekazari eremuan trafikoa mantsotzeko Nafarroako errealitaterako egokiak diren neurriak har ditzan. Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioaren eskaera batean du abiapuntua mozioak, legeen zurruntasunak herrietatik abiatzen diren errepideetan trafikoaren abiadura mantsotzeko elementuak jartzea izugarri zaintzen duela azaldu baitzuen presidenteak lan bilera batean. “Zerbait egin beharko dugu egunero gertatzen ari dena ekiditeko”, adierazi du Ramirezek, eta estatu mailako arauak egokiagoak direla esan du: “Malguagoa delako, salbuespenak kontutan hartzen ditu eta abiadura mantsotzeko helburua lortzeko aukera gehiago eman”.