Ponentzia politikoaren inguruan adostasun handia bildu dutela eta hori dela garrantzitsuena nabarmendu du. Datorren asteburuan egingo du EAk VII. Biltzar Nagusia, eta Begoña Erraztik presidente kargua utziko du.

Datozen urteetarako norabidea zehaztuko du EAk datorren asteburuan, hilaren 15ean eta 16ean, egingo duen Biltzar Nagusian. Batetik, zuzendaritza berrituko dute -Begoña Errazti egungo presidenteak kargua utziko du-, eta, bestetik, ponentzia politikoa zehaztuko.

Batzar handi horren atarian alderdia ´ondo´ ikusten duela adierazi du Errazti presidenteak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Izan ere, garrantzitsuena ildo politikoaren inguruko adostasuna lortzea dela iritzi dio, eta arlo horretako ponentziaren inguruan dagoeneko nahikoa batasun erdietsi dutela. ´Inportanteena zer da? Ponentzia politikoa oso ondo dagoela, nahikoa kontsentsuatuta dagoeneko´, adierazi du.

Hala ere, EAren aurreko batzarretan agerian geratu dira barne ildoen arteko ezadostasunak, eta Erraztiren kargua uzteko erabakiaren inguruan ere izan dira zenbait esames. Erabaki hori hartzera arrazoi pertsonal hutsek eraman dutela ziurtatu du, ordea, Erraztik.

Era berean, azken egunetan hurrengo presidentetzarako hautagai bakarra Unai Ziarreta egungo idazkari nagusia izango dela zabaldu arren, Joseba Azkarraga ere aurkez daitekeela iradoki du Erraztik. EAko estatutuek presidenteak euskaraz jakin behar duela esaten dutenez, Azkarraga lehia horretatik kanpo utzi dute hainbatek. Baina ezustekoa hartzeko aukeraz ohartarazi du Erraztik: ´Hori esaten dute estatutuek, baina egon daitezke sorpresak. Batzuetan, beharbada, pentsatzen dugu pertsona batek ez dakiela euskaraz, baina agian badaki´.

Alderdiko kontuetatik kanpo, Espainiako Kongresurako hauteskundeetan alderdi abertzaleak elkarrekin aurkeztearen alde agertu da Errazti, baina EAJk dagoeneko ezezkoa erabaki duela, eta oraingoz aukera hori ez dela posible nabarmendu du.

Jatorria: Begoña Errazti