Konbentzioa egin du Eusko Alkartasunak Polo Soberanistak Euskal Herriaren “eraldaketa sozial eta politikoan” eragintzeko duen gaitasunean sakontzeko.

“EH Bildu koalizioa hauteskundetarako aliantza baino askoz ere gehiago da, Euskal Estatua eta justizia soziala lortzeko apustu estrategikoa da”, esan du Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak: “subiranotasun aurrerakoiarekin identifikatzen diren guztiak erakartzea da Polo Soberanistaren asmoa, bere helburu politikoak lortzeko”. Zentzu honetan, Eusko Alkartasunak “herriari egingo dion ekarpenari buruzko hausnarketa egingo du”.

Indar soberanisten metaketak Euskal Herriari egin dion ekarpena aldarrikatu du Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak: “2008an Polo Soberanistaren ideia plazaratu genuenean, ETAren jarduera armatua zegoen, subiranotasunak erakundeetan zuen indarra gizartean zuen zabalpenetik oso azpitik zegoen, eta erabakitzeko eskubidea kimera bat zen”. Gaur egun “oso bestelakoa den eskenatokian gauden eta argi dago guztia ez dela EH Bilduri esker izan baina 2011ko ´Bilduren tsunamiak” aldaketa bultzatu egin zuela ezin ukatu”.