PFEZ modu bateratuan egiteak generoaren ikuspegitik, eta errenta-faktorea gehituta, duen eragina aztertu dezan eskatu dio Nerea Martinez Cerrillok Arabako Foru Aldundiari. EH Bilduko batzarkideak esan duenez, horrela generoen arteko aldea areagotzen laguntzen duela frogatuko balitz, emakumeak lan prekario, lanaldi partzial edo aldi baterakoetan mantentzen laguntzen duela ikusiko balitz, mantendu ala ez erabaki ahal izango zen.

Izan ere, EH Bildu murrizketa hori pausoz pauso ezabatzearen alde agertu da, eta hori genero-ikuspegitik egindako azterketan oinarrituta egiteko beharra azpimarratu du. Martinezek gaineratu duenez, erabaki horrekin batera “alternatibak eta pizgarri fiskalak” ere onartu beharko lirateke, “neurriak ez dezan, inolaz ere, familien zama fiskala handitu”.

“PFEZ bateratuak sistema fiskalean genero ikuspegia sartzen du, familia eredu tradizionalei mesede egiten dielako”, adituek esan dutenez.

EH Bilduk berak 2011-2015 legegintzaldian bide horretan lan egin zuen Gipuzkoako Foru Gobernutik, adierazpen bateratua kentzea proposatu zuenean, “emakumeak diskriminatzeagatik, lan-merkatuan sartzea zailtzeagatik eta etxekoandre gisa betikotzera zigortzeagatik”. Une horretan, aitorpenen bateratuen %83,4ak erakusten zuenez, errenta aitorpena gizonek egiten zuten eta emakumeak “mendeko emazte” gisa agertzen ziren.

Gaur egindako ohiko osoko bilkurako beste puntu batean, Euskal Herriaren subiranotasuna aldarrikatu du Nerea Martinezek, “politikoa eta, jakina, baita arlo ekonomiko-fiskalekoa ere”. Zenbait sektoretan BEZari buruzko neurriak baliozkotu diren puntu batean, horiek “egokiak izan ala ez, Arabatik eta Euskal Herritik kanpoko erakundeetan” hartu direla azpimarratu du.

2