Pello Urizarrek aldebakartasunaren aldeko aldarrikapena berretsi du gaur Gasteizko Legebiltzarrean, EAEri dagozkion eskuduntzak defendatzeko PSEk aurkeztutako proposamenaren harira. EAko idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du Gernikako Estatutua onartuz geroztik autogobernuaren aurkako erasoak sistematikoak izan direla PP eta PSOEren aldetik, alde bakarreko erabakiak inposatuz. “Antza, aldebakartasuna Estatuak erabiltzen badu, zilegi eta legezkoa da; aldiz, euskal gizarteak erabiltzen badu, ez da ez legezkoa, ez zilegi”, kritikatu du.
Urizarren iritziz, bistan da espainiar Estatuarekin ezinezkoa dela akordioa Euskal Herriaren estatus politikoari buruz, PSOEk zein PPk helburu bera dutelako, “Espainiako batasuna hobetzea”, hain zuzen ere. Hori horrela, Madrilen egiten duten bezala, Euskal Herrian ere aldebakartasunez jokatzeko prest egon behar dugula azpimarratu du EAko buruzagiak. “Herri honek bere borondatea errealitate bihurtzeko eskubide eta zilegitasun osoa du, eta hori modu adostuan egiterik ez badago, aldebakartasunez ekingo diogu, herritarren borondatea muga bakarra izanik”. Horren ildotik, EAJrengana jo du Urizarrek: “Herri honek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea daukala barneratuta daukagunok egin beharko dugu esfortzua hori errealitatera eramateko. Ahal bada, Eskoziako eredua erabiliz, baina posible ez bada, konplexurik gabe Kataluniakoari jarraituz, hori ere, zalantzarik gabe, guztiz demokratikoa delako”.
Legebiltzarkide independentistak PSEren joko bikoitza ere agerian utzi du, “Rajoyren Gobernuak autogobernuaren aurka egiten dituen erasoak salatzen dituelako, baina aldi berean PSOEk berak Kupoaren aurkako proposamenak egiten dituelako”. Ondorioztatu duenez, “hori tranpa egitea da”.