Aste honetan entzun izan dugu nola EH Bilduk aurreratu duen Espainiako Aurrekontu Orokorrak babestuko dituela, beti ere, gauzak ez badira konplikatzen edota trakesten.
Adierazpen hauek zalaparta handia sortarazi dute betidanik beraien burua Madrileko euskal interlokutore bakar gisa autoproklamatu izan direnen artean eta baita ere, nola ez, eskuin eta ultraeskuinarren artean, azken hauek, zoritxarrez, ETAren inguruko mamuak berpiztuz.
Ez da zaila jakitea zein den euskal ezkerreko independentismoak Madrilen egiten duen ekintza politikoak sortzen duen beldurra, eta une honetan Estatuan sakoneko aldaketak egiteko dagoen potentzialtasunarekin. Faktore konbinazio interesgarria dago egun: Euskal Herriko eta Kataluniako mugimendu independentista eta ezkertiarrak -bigarrena lehenengoa bezain garrantzitsua da-; Estatuak izan duen gobernurik aurrerakoiena dago, horrek zer esan nahi duen oraindik ikusteke dagoen arren; eta beste hainbat, hala nola Monarkiaren irudi txarra edo osasun-krisian sistema publikoari balioa eman dion gizarte-kontzientzia. Ez dugu esango errepublikak lortzeko ekaitz perfektuaren aurrean gaudenik, baina badago aukera leiho bat, eta oso arduragabea litzateke pasatzen uztea.
Horrek azaltzen du Estatuko politikatik oso ezberdinak diren sektoreak, EAJ, PSOEko baroiak eta, jakina, Espainiako eskuina eta ultraeskuina mugimendu horiei aurre egitea. Guztiek arriskuan ikusten dute 78ko erregimena deitu den hori, Konstituzioa bai baina baita garatu ez den eta behin eta berriz zapaldu duten Gernikako Estatutua ere, jatorriz potentzialitateak zituen arren.
Eusko Alkartasuna betidanik egon izan da (eta egongo da) Euskal Herriaren aldeko akordio, eskenatoki edota erabaki garrantzitsuenetan, horretarako sortu ginelako besteak beste, Euskal Herri justu eta hobeago bat lortzeko asmoarekin. Horretarako ere, urte luzez izan gara (eta gaude) Madrileko Gorte Nagusietan, non euskal herritarren eskubideak eta beraien bizi kalitatea hobetzen diren neurri eta erabaki guztietan parte hartu dugularik.
Orain ere berdin egingo dugu, horretan gabiz. Euskal Herria Bildu zentralitatean dago, fidatzekoak gara, politika egiten dakigu eta egiten dugu, beraz, Aurrekontu Orokorrek sortutako momentua aprobetxatzen jarraitu behar dugu, beti ere oinak lurrean izanda, baina gure ortzimuga argi izanik.
Espainiako Aurrekontu Orokorrak babestea ez da txeke zuria izango, ezta ere Espainiako Gobernua sostengatzeko bozka itsua ere, baina ezin dugu errealitatea saihestu, Alderdi Popularra eta Vox prest baitaude Madrileko Gobernua hartu eta orain arte lortutako aurrerapauso guztiak bertan behera uzteko. Ezin diegu utzi inolaz ere.
Aurrekontu hauek euskal herritarren egoera sozial, ekonomiko eta lan mundukoak hobetzeko balio behar dute, besteak beste, pertsonak erdigunean jarriz eta Covid 19ak dakartzan (eta ekarri dituen) ondorio negargarriei aurre egiteko. Aprobetxatu behar dugu aukera ere Euskal Herriak duen erabakitze eskubidean sakontzeko eta gatazkaren konponbidean ere aurrerapauso sendoak emateko, guztia Estatu espainolaren demokratizazio prozesuaren testuinguruan. Berriro diogu, ez dugu gertu gaudenik esango, baina inoiz ez gara gertuago egon.
Partida jokatzeko momentua da, prest gaude, goazen ba!
Edriga Aranburu Agirre
Eusko Alkartasunako Zuzenbideko eta Erakunde Koordinazioko arduraduna
2020ko azaroaren 13an