Pello Urizar, idazkari nagusia buru duen Eusko Alkartasunako ordezkaritza batek parte hartuko du gaur Parisen egingo den manifestazio historikoan. Lorena Lopez de Lacalle, Nazioarteko Politiken idazkaria eta Iker Ruiz de Egino, bozeramailea ere egongo dira Bakearen Artisauek deitutako manifestazioan.

Eusko Alkartasunaren iritziz manifestazioa Europak eskubideen errepresio politiken aurrean adostasunean eta bakean oinarritutako gizartea eraikitzen ari den herria ikusteko aukera da.

Alderdiarentzat oso esanguratsua da “bi egunetan bi europar hiriburuetan –Brusela, kataluniar soberanismoaren kasuan eta Paris, Bakearen Artisauen deialdiarekin- Estatu espainolari demokrazia eskatzeko bi manifestazio egitea”. “Rajoy eta 155.eko bere lagunak dira Euskal Herrian bakegintza eta normalizazioan aurrerapausorik egin ez daitezen ontzat ematen dutenak, eta hori argi ikusiko da asteburu honetan Europan”, Eusko Alkartasunak esan duenez.

Horrez gain, “Espainiako alderdi unionistek Estatu frantseseko alderdien ispiluan ikusiko dira,, bertan unionistek soberanista eta abertzaleekin batera lan egiten dute behin betiko bakea lortu eta preso dauden pertsonen eskubideak bete daitezen”.

Parisera joan den Eusko Alkartasunako ordezkaritzak “demokrazia, errespetoa, bakea eta tolerantzia” eskaera eramango du “Europar Batasuneko hasierako baloreak”. Eta eskaera horrekin bat egingo dute milaka euskal herritarrek, baina baita Estatu frantseseko hainbat lagunek.