JUANJO AGIRREZABALA Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak Juanjo Agirrezabalaren mozio bat onartu du, Santiago Ospitaleko larrialdietarako zerbitzuan Ertzaintzak nola jokatu zuen argitzeko. Ospitaleko enpresa batzordeak publikoki salatu zuen.

Eusko Alkartasunaren proposamen bat aintzat hartuta, Eusko Legebiltzarrak barne ikerketa bat egin dezala eskatu dio Osasun Sailari, Ertzaintzak martxoaren 3an Gasteizko Santiago Ospitaleko larrialdietarako zerbitzuan nola jokatu zuen argitze aldera. Egun hartan ertzain batzuk larrialdietan sartu ziren 1976ko martxoaren 3ko biktimen omenez egindako manifestazioaren ondoren izandako istiluetan ustez parte hartu zuten zenbait lagun idenfikatu eta atxilotzeko asmoz. Ospitaleko enpresa batzordeak Ertzaintzaren jokaera salatu zuen, pazienteengan eta langileengan beldurra eragin eta osasun arreta oztopatu zuelakoan.

Osasun Sailari gertatutakoa argitzeko eskatzeaz gainera, Juanjo Agirrezabalaren mozioak Jaurlaritzari eskatzen dio, halaber, azter dezala ea komeni den protokolo bat egitea osasun zentroetan segurtasun indarren jokera arautzeko. Santiago Ospitaleko enpresa batzordeak ere horren beharra aldarrikatu du.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA