Martin Aranburu Carrera. Legebiltzarkidea

«Hola, ¿eres español?; No, País Vasco; ¿País Vasco?; Sí, está entre Francia y España, en el Mar Cantábrico; Ah, ¿y no son españoles?…». Gaztelaniaz edo beste edozein hizkuntzatan, batek baino gehiagok izan dugu elkarrizketa hau opor hauetan. Onenean, ez gara ezagutu duen lehen euskalduna eta jakinaren gainean egongo da, irribarre txiki batez konplizidade apur bat erakutsiko digularik; txarrenean, begi okerrak jarri eta gaiaz aldatuko du gu zorotzat joz. Gerta liteke ere, interlokutorearen interesaren arabera, galdetzailearen jakin-mina piztea eta hemen gertatzen denaz gu itauntzea. Horrela- koetan, animo, eta saiatu minutu pare batean gure izaeraren eta arazoaren berri azaltzen.

Euskaldunen militantziak oporrik hartzen ez duela konprobatzeko aukera izan dut opor hauetan. Euskal Herritik kanpora abiatzen garenean gure herriaren eta gure izaeraren berri emateko aukera asko izaten da bidaietan ezagutzen ditugun pertsonekin, baita bisita-leku turistiko izaten direnetan jartzen dituzten liburu zuri horien bidez ere. Museo, gaztelu edo gainontzeko leku turistikoetan jartzen dituzten liburuei erreparatu iezaiezue: «Freedom for Euskal Herria», «Basques are not Spanish not French» eta abarrekoak. Egoskorrak gara gero euskaldunak!

Bejon deigula ba! Egoskorrak gara eta egoskorrak izaten jarraituko dugu. Herri baten errekonozimendua erakunde ofizialek egiten dutela ukaezina bada ere, onarpen politiko horren faltan, oso garrantzitsua da hemendik kanpo bizi direnek gure berri izan dezaten, nahiz eta egia izan askotan nekagarri suertatzen dela behin eta berriz nor garen azaldu behar izatea. Aurten, lekutan ibilita, baso batetik zehar lagundu behar gintuen gidari beltzaranak zer soinean eramango eta ESAITen kamiseta gorri bat, Euskal Herriaren armarria bularrean harro-harro zeramala! Harrituta galdetu genion ea nolatan zuen kamiseta hori eta bertan izandako euskaldun batzuek eman ziotela erantzunez, espainiarrez josita zegoen talde baten buru jarri eta baso barrena zuzendu gintuen. Zer pentsatuko zuten bertan zeuden espainiarrek!

Herri legez ezin dugu gutaz atzerriko hedabideek esaten dutena konprobatu edo zuzendu, aldiz, ahoz aho gure hitzek ez dute galbahea pasatu beharrik. Euskal Herriaren irudi utopikoak saldu gabe, errealitatea azalduz, munduko biztanle gehienek izan dituzte lehenaldian guk gaur egun ditugun arazo politikoen antzekoak, garaiz edo berandu, beren buruak ere emantzipazio prozesuetan ikusi zituztelarik. Hori dela eta, gehienek uler dezakete gure asmoa eta gure arazoa. Konpartitzea beste kontu bat da, baina konpartitzeko konbentzitu beharrekoak ez daude urruti, gure etxean bertan baizik. Hangoak gure berri izatearekin nahikoa. Arazoak arazo, gu gurean tinko: herri bat garela munduari azalduz. Beste batzuk saiatuko dira-eta kontrakoa egiten.

Jatorria: Martin Aranburu