Leire Pinedok 2020rako aurrekontuari aurkeztutako zuzenketa partzialak bozkatu ziren Eusko Legebiltzarreko Ekonomia eta Ogasun Batzordean adierazi zuenez, “Onartutako aurrekontua Gobernua sostengatzen duten alderdiek hitzartutakoa da, mugimendu txikiren batekin, baina ez ditu inolaz ere politika, norabide edo Gobernuaren jardunaren ildo nagusiak aldatzen: ildo berak, proiektu berak eta aktore gonbidatu bat gehiago”.
Podemosen ekarpenei buruz hitz egin zuen Pinedok, alderdia aipatu gabe ere: “Dagoeneko 2019an zegoen partidaren batean diru apur bat gehiago, eta diru gutxirekin partida berriren bat”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu zuenez, koalizioak proiektuari egindako ekarpenak “proposamen errealista eta egingarriak” izan dira, eta hala ere, baztertu egin dituzte. Proposamenak enplegua, pentsioen osagarria, industria edo jasangarritasun energetikoa bezalako arloetan egin ditu EH Bilduk.
De Miguel auziko epaia publiko egin eta bi egunera, Pinedok ustelkeriaren aurkako ekimenen falta salatu zuen: “Lehendakariak esan du ustelkeriarekin zero tolerantzia, eta ikusten denagatik, zero neurri ere bai. Izan ere, ez dago ustelkeriaren aurkako euro bakar bat, ezta EH Bilduk proposatu zuen –eta nahita atzeratu den- ustelkeriaren aurkako bulegoa martxan jartzeko”.