Joseba Gezuraga: “Dagokion prozesuaren barruan idazkari berria hautatu, eta araudiak eta Estatutuak bete behar dira”

Eusko Alkartasunak normaltasuna berreskuratu behar duela esan du gaur goizean Joseba Gezuragak, ETB1eko Egun on Euskadi saioan egindako elkarrizketan. Idazkari nagusi berria hautatzeko bozkatzea nahiago lukeela aitortu du Gezuragak eta “Eba Blancok zilegitasun osoa eta alderdiko organoen babesa” izango duela esan.

Eusko Alkartasunak duen lehen lana “normaltasunera itzultzea” dela esan du jarduneko idazkari nagusiak: “Idazkari nagusi berria hautatu, dagokion prozesuaren barruan”. Ondoren eztabaida alderdi barrura bueltatzea, “eta horretan bere buruari kritikoak deritzotenak gaizki dabiltza”, esan du, “Katalunian egun hauetan ikusten ari garen bezala, politika judizializatzeak ez dakar onik”. Horrela, prest agertu da “espedienteak baztertzeko eta horren truke epaitegietako bidea etetea”. “Elkarrizketa da bide bakarra”, azpimarratu du Gezuragak.

Iparraldeko abalei buruzko aferari buruz, “prozesu batean aurkezten zarenean, arauekin jokatzen jakin behar” dela deritzo eta “kontua ez da zenbat abal lortzen diren, baizik eta 50 abal formaz eta garaiz aurkeztea, bost herrialde bakoitzeko”. Maiorga Ramirezek “Iparraldean bost lagun ezagutu gabe idazkari nagusi izan nahi” izatea zalantzan jarri du jarduneko idazkari nagusiak: “Ezinaren irudia ematen ari dira Maiorga Ramírez eta bere sektorea”.

Idazkari nagusi berria hautatzeko prozedurari buruz, bozkatzea nahiago lukeela argi utzi du Gezuragak: “Une honetan emaitza zein izango zen ezin dugu jakin, ez dakit afiliazioak zer hautatuko lukeen”.

Garaikoetxea lehendakariak alderdi barruko eztabaidan izandako jarrerari buruz, “horretan ez sartzea” gustatuko litzaiokeela esan du, “guztion altxor eta erreferente delako”.