Donostiako Zorroaga eliza jendez lepo zegoen atzo. Han bildu zirenak helburu bakarra zuten: Néstor Basterretxea lagun eta artista handiari agur esatea. Bere biloba batek argi esan zuen “agur esatera etori dira, baina ez dago adiorik”.  Eta horrela da. Nestor Basterretxea zena guztion memorian geldituko da, eta bere obraren bitartez beti izango da gure ondoan.

Zorroagan ospatu zen hileta laikora bere bide artistikoan eta politikoan ezagutu zituen hamaika lagun hurbildu ziren. Kultura munduko ordezkaritza zabala izan zen. EAko kidea zen heinean ere, alderdiko lagun asko hurbildu ziren Donostiaraino Néstor Basterretxeari bere azken agurra eman eta bere familiari babesa erakusteko. Haien buruan Carlos Garaikoetxea lehendakaria zegoen, Néstor Basterretxearen lagun pertsonala zena. Besteak beste, EAko idazkari nagusia, Pello Urizar, EAko Komunikazio arduraduna eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua, Ikerne Badiola, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Lohitzune Txarola eta Donostiako alkateordea, Josu Ruiz, ekitaldian egon ziren.