Foru Gobernuak nekazari handiei txikiei baino diru laguntza gehiago ematen dizkiela salatu du Nafarroako EAk ohartarazi du Europako NPB Nekazaritza Politika Bateratua bide txarretik doala. Azken urteetan gero eta «liberalagoa» dela dio, nekazari eta abeltzain txikien kalterako. Hemendik gutxira onartuko den
erreformak ere izaera bera duela salatu du, eta kontrakoa egin beharko litzatekeela adierazi du, «NPBren eragina gutxitu ordez azkartu».

Gaur egungo politikari aldaketak eginen dizkiote heldu diren hilabeteetan, eta horren aitzinean, EAk defendatuko duen jarrera plazaratu zuten atzo, Iruñean emandako prentsaurrekoan, Mikel Irujo eurodiputatuak, Aitor Etxarri Nafarroako parlamentariak, eta Lohitzune Xarola alderdiaren aholkulariak Europako Parlamentuan. Bidenabar, aukera baliatu zuten nekazaritzan espero dituzten ekimenen berri emateko.

Irujok azaldu duenez, aldaketa berri horrekin NPBren arauak bigunduko, dituzte, baina haien ustez, zorroztu egin behar dira. «Dirudienez bertze urrats bat eginen da liberalizazioaren alde». Hasteko diru laguntzak %13 murriztuko dituzte, diru hori bertze era bateko landaren garapen proiektu batzutara bideratzeko. Eurodiputatuaren ustez, aldaketa oso kaltegarria izango da ustiapen txikientzat. «Nekazari eta abeltzain handiek aurre egin
ahalko diote ekoizpenetik duten diru sarrerarekin, baina txikientzat
anitzez zailagoa izanen da, eta, azkenean, hil zorian geldituko dira».
Gainera, horrelako neurriekin banatzaile handien mesedea baizik ez dute egiten, haiek produktibismoaren alde diren neurriak nahiago baitituzte.

Esne kuotak desagertzea ere espero da, eta EAk dio neurri hori ere kaltegarria litzatekeela. «Kuoten desagertzeak merkatu librea suposatuko
luke, eta orduan ustiapen txikien iraupena are gehiago zalantzan jarriko luke, mendialdeko abeltzain batek ezin baita lehiatu zelaian dagoen batekin».

Gaur egun indarrean dagoen NPBn garrantzi handia eman zitzaion ingurumenari eta hori babesteari. Finkatutako arauak errespetatzen ez zituztenei diru laguntzak kentzeko mehatxua egin zitzaien. Irujoren ustez,
neurria «hankaz gorakoa» zen kasu askotan, ingurumenaren alde egiteak inbertsio gehiago eragiten duelako. «Oso ongi iruditzen zait bazterrak babestea, baina ustiapen batzuetan inbertsioak egin behar izan dituzte
horretarako, eta inork ez ditu lagundu; agian, egokia litzateke hori kontuan hartzea heldu den aldaketan».

Bi urte besterik ez dira pasatu NPB berria onartu zenetik, eta jada aldatuko dute. Nafarroako EAri ez zaio ongi iruditzen, arlo horretan aritzen direnek egokitzeko astirik ez baitute. «Politikak maizegi aldatzen
dira; eta ongi lan egin nahi bada, egonkortasuna izan behar da nagusi, eta
ez bi edo hiru urtean guztiz aldatu».

HURBILEKO JARRAIPENA.

Nekazarientzat Europatik datozen diru laguntzak Nafarroako Parlamentuak kudeatzen ditu, eta hemen bertan eramaten den politikarekin ere ez dago ados EA. Aitor Etxarri parlamentariak adierazi duenez, Nafarroako Gobernuak joera du ustiapen handiak gehiago laguntzeko.
«Laguntza asko ematen zaizkie nekazari handiei, baina behar gehiena dutenak txikiak dira». Gisa berean, Nafarroako diru laguntzak eskuratu bezain laster hartzaileengana bideratzea eskatuko du. «Iaz berantetsi
ziren, eta oraindik abenduan, batzuek ez zituzten hunkituak». Bestalde, dituzten beharrak hobeki ezagutzeko hainbat eragilerekin bilduko dira, nekazariak eta abeltzainak berak, baita elkarte eta sindikatuekin ere.
Horren harira doa heldu den asteetan abiatuko duten kanpaina. Xarola EAko hautetsiekin bilduko da, Europatik biltzen ahal diren landa garapenerako diru laguntzak nola lor daitezkeen azaltzeko. «Ez jakintasunagatik diru laguntza batzuk ez dituzte eskatzen, beraz, haiengana joanen gara hori guzia zehazteko eta ahal bezainbat laguntza lortzeko».
Lotura: Lotura bisitatu
Jatorria: Mikel Irujo