EAk oinarri demokratikoekiko bere konpromiso historikoa berretsi eta nafar presidenteak NaBai ahuldu nahi duela salatu du, bere aurkari politiko eta elektoral nagusia delako.

Nafarroako Eusko Alkartasunak Miguel Sanz nafar presidenteak gaur goizean egindako adierazpenak gaitzetsi ditu maltzurkeriak baino ez direlako eta EAren aurkako PPren manipulazioak ontzat eman dituelako. EAk NaBairen printzipio demokratikoekin bat egiten duela jakinda, Sanzen helburua NaBairen oinarri horiek ezbaian jartzea da, koalizioa bere aurkari politiko eta elektoral nagusia delako. Ez da kasualitatea duela hilabete bat Yolanda Barcina UPNko presidenteak NaBai ETArekin lotu izana.

EAk giza eskubideen aldeko konpromiso argia eta irmoa izan du betidanik eta, ondorioz, ETAren indarkeria gaitzetsi du eta desagertzeko eskatu dio behin eta berriz. Sanzek berak ere ederki ezagutzen du EAren konpromiso demokratikoa; are gehiago, guk dugun konpromiso bera gainontzeko alderdiek ere, foru eta espainiar eskuinak barne, izan zezatela nahiko genuke. Horregatik ez dugu leziorik onartuko, eta are gutxiago gezurretan eta manipulazioetan oinarritzen direnean.

NaBairen barruan dagoen neurrian, EA funtsezko alderdia da Foru Erkidegoan alternatiba instituzional sendo bat eraikitzeko, eta azken urteotan  EAk erakutsi duen kudeatzeko gaitasuna ere funtsezkoa izango da etorkizunean gobernu anitz batean parte hartzeko.

Jatorria: Eusko Alkartasuna