Hizkuntzari inolako estimurik ez dionik bakarrik erabili dezake hura alderdikeriatik

Nafarroako legeek eta Hizkuntza Gutxituen Europar Gutunak Nafarroako erakundeak berezkoa duen hizkuntzaren erabilera eta ikasketa bultzatzera deitu dutela gogoratu du Nafarroako Eusko Alkartasunak. Eta Foru Gobernua legearekiko betebehar eta konpromiso horiei erantzun ematen saiatzen ari da, baina batez ere Nafarroako jendartean pentsatzen, gero eta errespetu eta estimu handiagoa baitio lingua navarrorum-i.
Nafar guztiek dugu gure eskubideak errespetatuak ikusteko eskubidea, kasu honetan hizkuntza eskubideak. Eta erakunde publikoak berdintasun eta eskubide horiei erantzun ematera derrigortuta daude, administrazioan elebidunak diren pertsona kopuru minimoa bermatuz.
Larunbaterako manifestazioa deitu dutenek bazterkeria eta berdintasun falta salatzen dute, baina hori gezurra da. Datuek erakusten dutenez, Nafarroako administrazio publikoan dauden 23.000 lanpostuetatik 148 bakarrik dute euskarazko perfil eskakizun zehatza. Duela gutxi arte, Nafarroako Hospitaleko 6.000 langileen artean postu bakarra zen elebiduna. Hori al da Nafarroako eskubide eta beharrei errespetua izatea? Ez. Azken asteetan UPN, PP eta PSNk egin dituzten salaketa arduragabe guztiak datuekin gezurtatu daitezke. Berdintasun falta eta bazterkeria da orain arte zegoena, UPN-PSNren gobernuekin zegoena hain zuzen. Legegintzaldi horietan zehar ez zen ia lanpostu elebidunik sortu, izan ere, euskara jakitea ez zen kontutan hartu ere egiten administrazioan sartzeko, naiz eta gaur egun lau gaztetatik bat euskalduna izan. Eta kontutan hartzen bazen, beti Nafarroan arrotzak diren hizkuntzen azpitik zen, alemaneraren azpitik adibidez. UPN eta PSNren agintaldietan euskara errepide, kale eta hirietako seinaletatik kendu zen; herrialdearen parterik handienean euskarazko hezkuntza publikoa eragotzi zen, D ereduko gela berriak sortzeko oztopoak jarriz.
Manifestaziorako eskubidea zilegi da, baina Gobernu honek euskararen arloan egiten duen politikari buruzko gezurrak esatea, ez, eta manifestazioa deitu dutenak gezurretan ari dira. Atzo komunikabideetan eta sare sozialetan deialdia egin dutenetako batzuek egindako adierazpenak pertsonei eta bertakoa den kulturari mespretxua adierazten dute eta horrek bere benetako aurpegia erakutsi du. Euskara eta aniztasuna gorroto dutenen perfila da eta tamalez, gorrotoa ez da berria.
Nafarroan euskara erabili eta ikasi dadin lanean jarraituko dugu Eusko Alkartasunatik, euskararen normalizazioa, garapena eta gizartean berdintasunean bizi dadin lortzeko lanean. Hizkuntza eta kultura guztiek aberasten gaituzte, baina bakoitzarena errespetatu eta garatzea behar morala da, baita aniztasuna errespetatzen duen gizarte integratzailea lortzeko neurriak jartzea ere. Edozein gaiari buruz hitz egin nahi dutenek parametro horietan aurkituko gaituzte, baina nafar hizkuntzak merezi duen gutxienekoa egiari errespetua da.
euskara bihotza