Koalizioaren erronkarik handiena «seriotasun eredu» bilakatzea dela uste du Nafarroako batzarrak Nafarroa Bairen (NaBai) barne desoreka eta antolamendu gabeziak agerian geratu dira Euskararen Legearen eztabaidan, edo Nafarroako Kutxako ordezkaria izendatzeko aferan. Arazoei konponbidea emateko lanean jarri dira koalizioa osatzen duten alderdiak, eta EAren eta EAJren zuzendaritzek txosten bana onartu zuten atzo, alderdikideen artean eztabaidatu eta koalizioaren esku uzteko. Bi alderdiek azpimarratu dute koalizioaren garrantzia, eta orain arte antzemandako gabeziak zuzentzeko urratsak proposatzen dituzte.

EAren txostenak hainbat neurri aurreikusten ditu, NaBairi «sinesgarritasuna eman, eta seriotasun, ardura eta eraginkortasun eredu» bilakatzeko. «Hori da NaBaik gaur egun duen erronkarik handiena» esan zuen, atzo, Maiorga Ramirez parlamentariak.

Koalizioa sendotu egin behar dela, eta funtzionamendua, antolaketa eta barne egiturari dagokionez hobekuntzak behar direla uste du Ramirezek. «Erabakiak hartu eta erakundeen arteko koordinazio operatiboa eta eraginkorra lortu behar dugu».

Parlamentariaren ustez, azken hilabeteotan izaniko aferak ezin dira gutxietsi. «NaBaik tamaina eta garrantzi handia hartu du gizartean, eta horregatik derrigortuta gaude sakoneko gaiei heltzeko. Zauria gaizki itxiko bagenu, arazo batzuk egiturazko bilakatuko lirateke».

Proposamenen artean, erabakiak hartzeko barne egitura «orekatu eta eraginkorragoa lortzea». Halaber, erakundeetan egiten den lana koordinatzeko gune iraunkorrak sortzea, eta independenteei bide ematea. Eta gizarteari zabaltzea. «Ikertu beharko lirateke alderdietako kide ez izan arren proiektuarekin bat egiten duten norbanakoen ekarpenak gure egiteko bideak».

Txostenaren beste proposamen bat da koalizioaren barruan dauden lau alderdiek -Aralar, EA, EAJ eta Batzarrek-, elkarrekin lan egiteko moduak nola erraztu daitezkeen, eta baita NaBairen irudi publiko eta soziala nola aztertu daitekeen ere. «Batez ere, azken gertakarien ondotik». Koalizioaren egitura ideologikoa ere aztertzea nahi du EAk.

EAJ-REN «KOALIZIO INDARTSUA»

EAJren Napar Buru Batzarrek, bestalde, koalizio «indartsu, batu, eraginkor eta gai» bilakatzeko barne txostena itxi zuen ostiralean, atzo ohar baten bidez jakinarazi zuenez. Txostenak NaBai «hezten eta aurreratzen» laguntzeko hainbat proposamen jasotzen ditu, «oso beharrezkoak direnak koalizio gazte baterako».

Txostena, EAJk dioenez, ez da gaur egun koalizioan bat egiten duten ideologiak batzeko tresna bakarrik. Alderdi honentzat, egun NaBairi babesa ematen dioten taldeez harago beste sektoreei ere zabaltzeko moduko hausnarketa bada.

Alberto Barandiaran
Lotura: Lotura bisitatu
Jatorria: Eusko Alkartasuna