Ekonomiaren garapena oztopatzen duten gastu eta inbertsio publikoaren austeritate politikak Eusko Jaurlaritzako kideen, EAJ eta PSE, ardura eta aukera direla azpimarratu du Leire Pinedo, EH Bilduko legebiltzarkideak, eta ez horrenbeste Europarena. Aurrekontu Egonkortasun Legea kentzearen beharra eta gastu eta inbertsio publikoa indartzeko ibilbide orri fiskala martxan jartzea defendatu du Pinedok gaur egin den Osoko Bilkura. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ekimena aurrera ateratzeko adostasuna lortu duten arren, EAJ, PSE eta PPren botoek atzera bota dute, legebiltzarkidea izandako eta atzo duela 35 urte GALek erahildako Santiago Brouard gogoratzeko minutu bateko isilunearekin hasi den Osoko Bilkuran.
Atzeraldi berriaren mamuarekin, asko dira azken urteetan indarrean egon diren austeritate ekonomikoaren politikak zalantzan jartzen dutenak. “Gizarte kohesioa sendotzeko, ekoizpen eredua eraldatzeko edo trantsizio ekologikoak ekartzen duen erronka kolosalari egoki erantzuteko politika ekonomiko berriak behar dituzte”, esan du Pinedok, “eta austeritate politikek ez dute ezer onik ekartzen eta ezin dira pertsonen eskubideen gainetik jarri”.

“Aspalditik defendatu du Euskal Herria Bilduk zerga eta finantza politikek aldaketa behar dutela”, gogoratu du legebiltzarkideak: “Izan ere, urte asko galdu dira jada gure trantsiziorako bide propioa egiteko, EAEko gobernu ezberdinen oniritziarekin, Espainiak bere egoera okerrari erantzuteko inposatutako neurriak ñabardurarik gabe gurean aplikatuta, eta Kontzertu Ekonomikoak defizit, zerga eta gastu arauaren kontuetan dituen ahalmenak balioan jarri gabe”.

“Aldatu nahi dugun Egonkortasun markoa du Europak, baina Madril eta Gasteizen ardura diren kontuak ezin zaizkio Europari egotzi”, adierazi du Pinedok. Legebiltzarkideak azaldu duenez, “EAEk inbertsioa eta gastu publikoak indartzeko aukera eta beharra du, urteetan jasandako murrizketak eta paralisia alde batera utziz eta erronka ekologiko, industrial zein soziolaboralei taxuz heltzeko”.