“UPNk ETBren emisio digitalak eragozteko ezarritako salaketak eta haren ondorioz, emisioen behin behineko eteteak, agerian uzten du beste behin ere Nafarroako eta Espainiako eskuinak euskararen kontra duten jarrera tematia. Euskarazko katea ikusteko askatasunaren eta aniztasunaren aurkako jokabide inposatzaile, neurrigabeko eta zentsuratzailea erakutsi dute; Frankismo osteko garaietan ere ezagutu ez genuena.

Azpijoko maltzur honekin, UPNk eta PPk ari utzi dute parekoak direla, nafar gizartearen aniztasuna eta askatasuna onartzeko ezgauzak. Lotsagarria eta onartezina da legezkotasunaren argudioak erabiltzea Nafarroi euskara hutseko telebista kate bakarra ikustea ukatzeko. Nafarroako euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzeaz gain, informazio eskubidea ere oztopatzen dute. Amorrualdi hauek agerian uzten dute UPNren porrot politiko erraldoia.

Hain zuzen ere, ETB ikusteko nahia ez da soilik nafar herritarren eskaria, Foru parlamentuko gehiengo batek babesten duena, baizik eta Europak Nafarroako Gobernuari zuzenean egiten dion errekerimendua, Hizkuntza Gutxituen Eskutitza bete eta euskara hutseko telebista bat bermatzeko eskatuz. Gogoratu beharra dago gainera, gaur egun, ETB dela euskara hutsezko marrazki bizidunak eta haur programazio bat eskaintzen dituena.

Baina ez da lehen aldia UPNk eta PPk ETB ikusteko antena bat zigilatzen dutela. Eusko Alkartasunak 2012. urtean antena bat ezarri zuen Erreniega mendatean, Iruñerrian ETBren emisio digitalak jaso ahal izateko eta, azkar aski zigilatu zuten. Ostean alderdiak pairatu duen jazarpen juridikoak eta zigor ekonomikoek, 54.000 euro ingurukoak, agerian uzten dute Nafarroako eta Espainiako eskuinaren haserrealdien atzean erabaki ideologikoa bat dagoela: Nafarroan euskal telebista jasotzea eragotzi nahi dute.

Guzti horregatik, beharrezkoa da nafar herritarrok kalera ateratzea modu masiboan gure eskubide eta askatasunen aurkako erasoa salatzeko. Eusko Alkartasunatik parte hartuko dugu ETBren alde datorren ostegunerako aurreikusitako mobilizazioetan. Aski da. Eskubidea dugu euskara hutsean komunikatu, informatu eta gozatzeko”.