Mikel Irujo Europako Parlamentuko kideak, Leonard Orban eleaniztasuneko Komisarioarekin izandako bileran Euskararen ofizialtasuna Europako instituzioetan eskatu du. Eusko Alkartasunako europarlamentariak bilera bat izan du eleaniztasunerako Komisario Leonard Orban errumaniarrarekin, eta Fleur Pierre UNESCOko ordezkariarekin. Bertan hainbat gai jorratu dituzte, hala nola hizkuntza ofizialen eta eskualdekoen tratu ezberdina Europa mailan. Giro horretan Mikel Irujok galdetu du ea Euskarak aurrerapausorik emateko betarik baduen Europan, eta eleaniztasunerako Komisarioaren erantzuna, ´ pausoz pauso egin behar den lan bat da hori, eta batez ere zuen ardurapean dagoena´. Orban jaunak azpimarratu du baita ere, zein den hizkuntza bat ´erregional´ izatetik ´ofizial´ bilakatzera arte eman behar diren baldintzak: ´Lehena, estatuko konstituzioan hizkuntz ofizial bezala agertzea. Bigarrena, Estatuak berak luzatu behar du ofizialtasuna aldarrikatzen duen eskaera. Eta hirugarrena, estatu guztiek aho batez onartu behar dute´.

Hortaz gaindi, Irujok Euskal Herrira gonbidatu du Komisarioa ´gure eleaniztasunak hezkuntza mailan duen garrantziaz´ kontu egin dezan. Integrazioaren inguruan eztabaidatzen jardun dute ere, nola politikoki, ekonomikoki, etab. erraza izan daiteken ikuspen berdina izatea, baina kulturak eta hizkuntzekin, nortasunarekin lotuta dauden heinean, zailagoa dela akordio batera iristea.

Azkenik EAko eurodiputatu eta komunikazio idazkaria ondare ukiezinaren inguruan antolatuko duen konferentziari buruz aritu da, Fleur Pierre UNESCOko ondare ukiezinaren kudeatzailearekin batera. Izan ere, Irujok nahi du euskara, hizkuntz moduan, ondare bilakatzea, hartara laguntza eta babes gehiago izan dezan. Irujok azaldu du euskara ´ bizirik dagoen kultura baten adierazle dela, baina jendeak ez du ulertzen katedral bat kultur ondare izan daitekeen modu berean hizkuntza bat, eta berarekin batera datozen ohiturak, ere hala izan daitezkeela.

Jatorria: Mikel Irujo